Jolas inklusiboen hobekuntzak, CaixaBank Dualiza proiektuko 2. topaketa
CaixaBank Dualiza “Jokoak kolektibo guztientzat” proiektuaren bigarren fasea
IMH LHII-k, CaixaBank Dualiza “Jokoak kolektibo guztientzat: joko inklusiboen diseinua eta fabrikazioa” proiektuaren bigarren zatia hartu du. Ekimen honek lanbide-heziketa, berrikuntza teknologikoa eta konpromiso soziala uztartzen ditu, kolektibo desberdinentzat irisgarriak diren jokoak diseinatu eta fabrikatzearen bidez.

Proiektua IMHn egindako lehen aurrez aurreko topaketa batekin hasi zen. Bertan, IMHko Mekanizazioko Teknikak zikloko bigarren mailako ikasleek eta MEKAko Gizarteratze zikloko ikasleek parte hartu zuten. Lehen jardunaldi horretan, IMHko ikasleek beraiek diseinatu eta mekanizatutako joko eta multzoak aurkeztu zizkien MEKAko ikasleei, erabilitako irtenbide teknikoak azalduz.
Aurkezpenaren ondoren, MEKAko Gizarteratze zikloko ikasleek joko-multzo batzuk eraman zituzten beren ikastetxera, irisgarritasunaren, erabilgarritasunaren eta adineko pertsonentzat egokitasunaren ikuspegitik sakon aztertzeko, Elgoibarko San Lazaro adinekoen egoitzan erabiltzeko egokiak ote ziren baloratuz.
Bigarren bisita honetan, MEKAko ikasleak zentrora itzuli dira egindako azterketaren ondorioak eta hobekuntza-proposamenak Mekanizazioko ikasleei helarazteko. Ekarpen horiei esker, irizpide sozialak eta teknikoak partekatu dira, eta proiektuaren hurrengo fasetarako lan-ildoak zehaztu dira.
Informazio horretatik abiatuta, IMHko ikasleek jatorrizko diseinuak aldatu eta hobetzeko erronka izango dute, irisgarritasuna, ergonomia eta erabilera erraztasuna kontuan hartuta, egoitzako adinekoek joko hauek modu seguru, eroso eta inklusiboan erabili ditzaten.
Dualiza “Jokoak kolektibo guztientzat” proiektua arlo industrialaren eta sozialaren arteko lankidetzan oinarritzen da. MEKA LHII-k diseinu inklusiboan, irisgarritasunean eta aniztasunaren arretan duen esperientzia eskaintzen du; IMH LHII-k, berriz, fabrikazio mekanikoan eta industria-teknologietan duen ezagutza. Bestalde, Elgoibarko San Lazaro adinekoen egoitzak aktiboki parte hartzen du, egoiliarren benetako beharrak helaraziz eta prototipoak erabilera errealeko ingurune batean balioztatuz.
Jardunaldiari amaiera emateko, proiektuko parte-hartzaileek lunch bat partekatu zuten giro lasaiago batean elkartzeko aukera eskainiz. Une horrek bi ikastetxeetako ikasle eta irakasleei inpresioak trukatzeko, ikaskuntzak partekatzeko eta proiektuaren oinarri den lankidetza-lana sendotzen duten harreman pertsonal eta profesionalak indartzeko aukera eman zien.
Bigarren fase honek proiektuaren ikuspegi praktiko eta soziala sendotzen du, eta jokoen berdiseinu, fabrikazio eta azken balioztapen faseei bidea ematen die, Lanbide Heziketaren eginkizuna gizartearen benetako beharrei erantzuteko berrikuntza-motor gisa indartuz.