Jolas inklusiboak guztientzat, CaixaBank Dualiza proiektuko 1. topaketa

2025/12/02 16:30:00 GMT+1
IMH LHII-ko Mekanizazioko ikasleek eta MEKA LHII-ko Gizarteratze Sozialeko ikasleek elkarrekin abiatu dute “Jolasak kolektibo guztientzat” proiektua.

CaixaBank Dualiza proiektuaren lehen topaketa: “Jolasak kolektibo guztientzat: jolas inklusiboen diseinua eta fabrikazioa”

IMH LHII-k CaixaBank Dualiza proiektuaren lehen aurrez aurreko topaketa jaso zuen: “Jolasak kolektibo guztientzat: jolas inklusiboen diseinua eta fabrikazioa”. Ekimen honek lanbide heziketa, berrikuntza eta konpromiso soziala uztartzen ditu, kolektibo guztientzat eskuragarriak diren jolasak diseinatu eta fabrikatuz.

Lehen topaketa honetan IMH LHII-ko Mekanizazioko Teknikak zikloko bigarren mailako ikasleek eta MEKA LHII-ko Gizarteratze Sozialeko ikasleek parte hartu zuten. Elkar ezagutzeko, proiektuaren ikuspegia partekatzeko eta eragin soziala duen benetako erronka batean elkarlanean hasteko aukera izan zuten.

Jardunaldian zehar, IMHko ikasleek zentroan fabrikatutako moduluak eta jolasak aurkeztu zituzten, erabilitako diseinu- eta mekanizazio-prozesuak azalduz, baita baliatutako materialak eta irtenbide teknikoak ere. Bestalde, MEKAko Gizarteratze Sozialeko ikasleek jolas-multzo pare bat eraman zituzten etxera, jolas horiek irisgarritasunaren, erabilgarritasunaren eta adineko pertsonentzako egokitasunaren ikuspegitik aztertzeko. Helburua, Elgoibarko San Lazaro adinekoen egoitzan erabiltzeko egokiak ote diren baloratzea izago da.

Truke honek ezagutza teknikoak eta sozialak partekatzeko aukera eman zuen, eta jolasak gaitasun fisiko, sentsorial edo kognitibo desberdinak dituzten pertsonek erabili ahal izateko egokitu eta hobetzeko oinarriak ezarri zituen. Gainera, topaketak diziplinarteko lana, ikaskuntza kolaboratiboa eta prestakuntza-profil desberdinen arteko harreman zuzena sustatu zituen, proiektuaren oinarrietako bat izanik.

Dualiza proiektuaren “Jolasak kolektibo guztientzat” helburua jolas inklusiboak diseinatu eta fabrikatzea da, hezkuntza industrialaren eta gizarte-sektorearen arteko lankidetzaren bidez. Proiektu honetan, MEKA LHII-k diseinu inklusiboan eta irisgarritasunean duen esperientzia eskaintzen du, eta IMH LHII-k, berriz, fabrikazio mekanikoan eta teknologia aurreratuetan duen ezagutza. Entitate laguntzaile gisa, Elgoibarko San Lazaro adinekoen egoitzak aktiboki parte hartzen du, bertako egoiliarren benetako beharrak helaraziz eta prototipoak erabilera errealeko ingurune batean balioztatuz.

Proiektuaren garapenean zehar, ikasleek benetako erronka bati egiten diote aurre, eta gaitasun teknikoak zein zeharkakoak garatzen dituzte, hala nola talde-lana, sormena, arazoen ebazpena eta erabiltzailearenganako orientazioa. Aldi berean, inklusioa, elkartasuna eta belaunaldien arteko harremana bezalako balioak sustatzen dira.

Lehen topaketa honek elkarrekin egingo den lanaren hasiera markatzen du. Diseinu-, egokitzapen-, fabrikazio- eta balidazio-fase berriekin jarraituko du, lanbide heziketa gizartearen benetako beharrekin lotzen duen proiektu sendo bat finkatuz.