Herbehereetako eta LHII IMHko ikasleak elkartu ditu “Cross Cultural Sailing” proiektuak

Proiektuak alderdi teknikoa badu ere —urrutiko kontrola duen barku baten diseinua, prototipatzea, fabrikazioa eta testeatzea—, benetako balioa zeharkako konpetentziak lantzean egon da:
• Talde-lana eta elkarlana: ikasleek erronka komun bati aurre egin diote elkarren jakintza osatuz.
• Komunikazio eta hizkuntza gaitasunak: elkar ulertzeko eta ideiak partekatzeko ingelesa erabili dute, euren konfiantza eta autonomia indartuz.
• Kultura arteko harremanak: ohiturak, bizimoduak eta balioak partekatu dituzte, ikasketa teknikoak baino haratago doan esperientzia biziz.
• Sormen eta egokitzeko gaitasuna: bai tailerrean bai eguneroko jardueretan egoera berrietara moldatu behar izan dute.
Egun hauetan, ikasleek euskal kulturaren eta bizimoduaren hainbat alderdi ezagutu dituzte:
• Makina-Erremintaren Museoa eta Armagintzaren Museoa bisitatuz, gure eskualdearen industriaren eta historiaren garrantziaz jabetu dira.
• MTE enpresan industria berritzailea bertatik bertara ikusi dute.
• Debako surf ikastaroan, talde giroa sendotu eta itsasoaz gozatzeko aukera izan dute.
• Tokiko gastronomia dastatu dute, bertako produktuekin prestatutako hamaiketako eta bazkariak partekatuz.
• Donostiako Zientzia Museoa, Planetariuma eta hiria bera ezagutu dituzte, kultura eta zientzia uztartuz.
Esperientzia hau oso aberasgarria izan da, bai ikasleentzat bai irakasleentzat. Ikasleek harreman berriak sortu, konfiantza pertsonala handitu eta ikuspegi zabalagoa lortu dute. Guztiak motibazioz beterik daude orain proiektuaren bigarren zatia bizitzeko: azaroan LHII IMHko Diseinu Mekanikoko ikasleak izango dira Herbehereetan, esperientzia honi jarraipena emateko.
“Cross Cultural Sailing” bezalako ekimenek aukera ematen dute gazteek europar identitatea, aniztasuna eta elkarlana bizitzeko, eta aldi berean etorkizuneko lanbide-erronketarako zein bizitzarako konpetentzia pertsonalak eta sozialak sendotzeko.