Lanbide Heziketako ikasleen esperientziak: Eriet Zubizarreta

2026/05/19 19:25:31 GMT+2
Mekanizaziotik etorkizunerako bidea pausoz-pauso eta konfiantzaz eraikitzen
🌍 Eriet Praktikaldia Erasmus-en egiten ari da elkarrizketaren garai honetan, ikusi zer kontatu digun:
 

Nor da Eriet?

Eriet naiz, azkoitiarra, eta 17 urte ditut. Mekanizazioko zikloa amaitzear nago IMHn, eta nire zaletasunetako bat musika da.

Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau ikastea?
Zikloa aukeratzeko garaian zalantza ugari izan nituen, baina azkenean gehien interesatzen zitzaidana hautatu nuen. Horrez gain, lan-mundura ahalik eta prestakuntza onenarekin sartzeko aukera egokia eskaintzen zuela iruditu zitzaidan.

Zergatik IMHn?

Bertako instalazioak ezagutu ondoren, erabakia argi izan nuen. Horrez gain, gertutasunak ere eragina izan zuen hautuan.

Zein da zure iritzia orain arte IMHn eta dualean ikasi eta bizi izan duzun esperientziari buruz?
Ikasketa-arloan azpimarratzekoa da bertako baliabideak egokiak direla. Astean zehar hainbat ordu ematen ditugunez tailerrean, ikasketa-prozesua arinagoa eta praktikoagoa da. Horri esker, teorikoki lantzen duguna praktikan jartzeko aukera dugu, eta horrek erraztu egiten du ondorengo praktikaldia, makinetan oinarrizko ezagutzak izanik.

Parte hartu duzu Erasmus proiektuetan? Zer da gehien gustatu zaizuna?

Bai, eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Pertsona berriak ezagutzeko aukera izan dut, baita errealitate desberdinak ere; jendearen bizitzeko modu ezberdinak ikusi ditut. Horrez gain, leku berri asko bisitatzeko aukera izan dut, bidaiatzeko aukera paregabea izanik. Hori izan da gehien gustatu zaidana. Hala ere, esperientzia positiboa izan arren, etxekoak eta gertukoak faltan botatzen ditut, eta etxera itzultzeko gogoa ere badut, hemen oso gustura egon arren.

Esan ahal diguzu zein den IMHn ikasten pasatako garaitik gehien gustatu zaizuna?

Oro har, esperientzia oso positiboa izan da. Ibilbide berrien hasierak ez zaizkit errazak egiten, baina bertan sortutako harremanei esker, egokitzapena errazagoa izan da. Gainera, lagun berriak egiteko aukera izan dut, eta zikloaz gain, beste hainbat arlotan ikasteko aukera interesgarria izan da.

Zein asmo duzu datorren urterako?

Ikasketekin jarraitzeko asmoa dut, lan-mundura sartu aurretik ahalik eta prestatuen egoteko.

Zer esango zenioke zure moduko zikloa ikasteko zalantzan dagoen pertsona bati?

Aukera bat emateko gomendatuko nioke, zalantzarik gabe. Ziklo interesgarria da, eta bertako irakasleekin dugun harremana oso ona da; konfiantzaz gain, babes handia jasotzen baitugu.

 

Mila esker, Eriet!


HEZIKETA ZIKLOETARAKO aurrematrikulak: Maiatzaren 22ra arte.

Informazio gehiago