Lanbide Heziketako espezializazioko ikasleen esperientziak: Danel
Zein da Danel?
Ni Danel Aranberri naiz, Debakoa naiz eta 21 urte ditut. Fabrikazio Aditiboko espezializazioa ikasten ari naiz, eta nire zaletasunak kirola egitea eta lagunekin ibiltzea dira.
Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau?
Honen aurretik Diseinua ikasi nuen IMHn, eta ikasten jarraitu nahi nuela erabaki nuen. Beste zikloak ez nituen gustuko, eta espezializazio bat egitea pentsatu nuen. Aukera desberdinak kontuan hartuta, Fabrikazio Aditiboko espezializazioak aurretik ikasitakoarekin beste aukerek baino zerikusi handiagoa zuela iruditu zitzaidan. Gainera, uste dut hemendik aurrera gero eta gehiago erabiliko dela 3Dko teknologia. Egia da jada nahiko garatua dagoela, baina oraindik mundu honek emateko askoz ere gehiago duela iruditzen zait.
Zergatik IMHn?
Nire ezagun askok ikasi zuten edo ikasten ari ziren hemen, eta, nahi ala ez, horrek asko bultzatu ninduen IMH aukeratzera. Gainera, institututik bisita bat egin genuen, eta instalazioak asko gustatu zitzaizkidanez eta Debatik gertu dagoenez, IMH aukeratzea erabaki nuen.
Zein da zure iritzia?
Nire ustez, IMHk ondo prestatzen zaitu lan-munduan sartzeko, eta, oro har, esperientzia ona da.
Ikasten pasatutako garaitik, zer gustatu zaizu gehien?
Nire arloan, behintzat, ikasi beharrekoa ikasteko material asko dugu, bai teorikoa, bai praktikoa. Gauza desberdinak egiteko inprimagailu asko ditugu eskura, eta horrek leunagoa egiten du ikasketa-prozesua, gauzak bertan ikusgai dituzulako. Ikastetxean praktika asko egiteak konfiantzaz betetzen zaitu, aurrerago enpresan izan ditzakezun erronkak gainditzeko. Horrez gain, jende berria ezagutzeko eta lagunak egiteko aukera paregabea da. Nire ustez, azken hori izan da, oro har, gehien gustatu zaidana.
Zer asmo duzu hurrengo urtean?
Datorren urtean nire asmoa Global Training programan parte hartzea da. Diseinuko bigarren mailan, Erasmus proiektuarekin pare bat aldiz atzerrira joateko aukera izan nuen, eta uste dut esperientzia zoragarria dela, bai leku eta kultura berriak ezagutzeko, bai lan-esperientzia hartzeko. Hori egin ondoren, enpresa batean lanean hastea pentsatzen dut.
Zer esango zenioke zure zikloa ikasi nahi duen bati?
Beldurrik ez izateko esango nioke; hau da, gustuko badu, aurrera egin behar duela uste dut. Gainera, aukera oso ona da mundu honetan sartzeko. Azken finean, teknologia nahiko berria da, eta ez dago hainbeste jende honetaz dakienik; beraz, aukera ona da lan-munduan desberdintzeko. Gainera, nirea espezializazioa izanik, urte batekoa soilik da, eta uste dut denbora gutxian asko ikasten dela.
Mila esker, Danel!
HEZIKETA ZIKLOETARAKO aurrematrikulak: Maiatzaren 22ra arte.