14. KORRIKA: IMH ere bai

2005/03/18 01:00:00 GMT+2
IMHk 1862. Kilometroa egin zuen Elgoibarko Haur eskola, Herri Eskola eta Herri Institutuarekin batera.

Eguraldiak lagunduta euskararen aldeko giro bikaina izan zen martxoaren 18an Elgoibarko kaleetan. IMHko ordezkaritza ere bertan egon zen.

AEKko irakasle batek idatzi duen gogoeta polita ekartzen dugu hona, bere irakasleak pasata utzita.

... Gure Herriko hizkuntza, hain hurbil eta halaber hain urruti izan duguna, txikitatik entzundako hitzak, ulertezinak iruditzen zitzaizkigunak.

Gure abeslarien kantuak, gure bertsolarien erronkak, gure eguneroko gauzak, maiz entzun eta ikusi ditugunak, gure belarriek ulertzen ez zekizkitenak. Zenbat gauza ez ote dugun galdu, euskara ikastea ezinezkoa zelakoan!

Hasieran euskara ikastea lortezina iruditzen zitzaigun arren, euskaltegian apuntatu ginen, eta ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.....naiz, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.....dut, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.....diot. Konturatu ginenerako ikaskideekin “indiozkeran” mintzatzen ari ginen. Hura poza gure aurpegiek islatzen zutena!

Gero hasi ginen bertsoak ulertzen, betidanik entzundako hitzei zentzua hartzen, komertzioetan euskaraz eskatzen, eta are pozgarriagoa dena, gure lagun euskaldunei, gurekin ere euskaraz mintza zezaten eskatzen genien, eta orain arte, gure aurrean, adeitasunagatik aldatzen zuten beraien zen ama hizkuntza, alda ez zezaten.

Pixkanaka mundu berri bat irekitzen zaigu, pixkanaka-pixkanaka gure hizkuntza zaharra berreaurkitzen dugu, eta konturatzen gara gaurko hizkuntza dela, eta gu ere euskeraz bizi gaitezkeela.

Ez dakigu nola izango den euskararen etorkizuna, baina badakigu nola izan daitekeen gurea, euskararekiko jarrera baikorra mantentzeagatik, euskara mundu berri bat zabaltzen ari zaigulako euskaldun berrioi eta gugan ere badagoelako euskara bizirik irautearen gakoa.

Beraz, utz diezaiogun lotsa izateari! Hizkuntza bat ikasteko hanka sartze galanta egin behar dugulako, oinez ikasten da ibiltzen eta mintzatuz ikasten da hitz egiten. Lotsagarriagoa delako lotsagatik deskubritu gabe geratzen dena, pozgarriagoa delako saiatzen ikasten dena.

Euskaltegian garenok iadanik esan dezakegu: Gu ere bai!!