Fabrikazio Aditibotik ekintzailetzara: IMH ikaslearen proiektua MAKE IN aurkezpenean
Unai Aizpurua IMHko Lanbide Heziketako Fabrikazio Aditiboko espezializazioko ikasleak urrats garrantzitsua eman du ekintzailetzaren eta berrikuntzaren bidean.
Lanbide Heziketako eta IMHko Urrats Bat programaren babesarekin, Debegesak sustatutako MAKE IN ekintzaileentzako programan parte hartu du, industria arloko startup eta enpresa-proiektu berritzaileei bultzada emateko helburuarekin.
MAKE IN programak Debabarrena teknologia industrial berrien erreferente bihurtzea du xede, talentua, berrikuntza eta ekintzailetza uztartuz. Horretarako, ekintzaileei formazioa, aholkularitza, mentoring-a eta industria-sarearekin harremanak sortzeko aukerak eskaintzen dizkie, ideiak garatu eta negozio-eredu sendo bihurtzeko bidean.
Testuinguru horretan, maiatzaren 15ean Eibarko Kultur Etxean egindako ekitaldian, Unaik 3d diseinu eta inpresio-soluzioetara bideratutako bere enpresa-proiektua aurkezteko aukera izan zuen beste ekintzaile batzuekin batera.
Eskualdeko hainbat agente ekonomiko, instituzional eta politikoren aurrean azaldu zuen bere proposamena, eta ekintzailetza industrialak Debabarrenean duen garrantzia azpimarratu zuen.
Bestalde, IMHk Debegesak bultzatutako eskualdeko garapen ekonomikoaren estrategiaren lanketa-saioetan ere parte hartu du, industria, berrikuntza eta talentuaren arteko lotura sendotzeko asmoz. Izan ere, IMHn Fabrikazio Aurreratua, berrikuntza aplikatua eta enpresarekiko lotura prestakuntzaren ardatz nagusietako batzuk dira .
Zorionak, Unai, egindako lanagatik eta erakutsitako ausardiagatik. Zure proiektua errealitate bihurtzeko ematen ari zaren pausoek argi erakusten dute Lanbide Heziketa ez dela lan-mundurako prestatzeko bide bat soilik: berrikuntza sustatzeko, ekintzailetza garatzeko eta etorkizuneko industria-proiektuak sortzeko tresna indartsua ere bada.