Diseinuko ikaslek Herbereetan Cross Cultural Sailing proiektuarekin

2025/11/18 09:46:00 GMT+1
IMH-eko diseinuko ikasleak Graafschapekoekin batera burutu dute proiektuaren bigarren zatia.

IMHko lanbide heziketako Diseinu Mekanikoko zikloko bigarren mailako ikasleek Herbehereetara bidaia egin dute astebetez “Cross-Cultural Sailing” proiektuaren bigarren zatia garatuz. Erasmus+ programaren bidez finantzatutako ekimen honek euskal eta herbeheretar ikasleak elkartzen ditu, teknologia eta kulturartekotasuna uztartzen dituen esperientzia paregabe batean.

Lehen zatian Herbeheretako ikasleak IMH eta inguruetan izan genituen, baina orain gure ikasleen txanda izan da: Doetinchem hirian egon dira lanean, bertako Graafschap Collegeko ikasleekin batera eta asteburua Amsterdam-en pasa dute, esperientzia borobilduz eta herrialdea gehiago ezagutuz. Proiektuaren helburu teknikoa barku teledirigitu baten diseinua eta eraikuntza da: piezen mekanizazioa, egitura zuntz-beirarekin moldatzea, estetika zaintzea eta elektronika muntatzea izan dira bertan garatu dituzten lanak. Guztia talde-lana eta sormena uztartuz.

Proiektuaren alderdi teknikoa barkuen lehiaketarekin borobildu da, CIVON zentro teknologikoaren inguruan ospatutako jardunaldian. Bertan ikusi ahal izan dira diseinua, fabrikazioa eta talde-lana uztartuz sortutako proiektuen emaitzak. Esperientzia honek argi erakutsi du ekimenak ikasleen garapen tekniko zein pertsonalean izan duen eragina.

Baina proiektuaren alderdi garrantzitsuena ez da teknikoa, bertako esperientzia ahaztezina baizik. Kultura-trukea, bidaiaren esperientzia eta hizkuntza-praktika dira ekimen honen muina. Ikasleek eguneroko bizitzan Herbehereetako ohiturak ezagutzen dituzte: bizikletaz mugitu dira, ordutegi eta bizimodu ezberdinak konparatu dituzte eta ingelesez komunikatzearen garrantziaz jabetu dira.

Asteburuan Amsterdam bisitatu dute, eta Heineken Museoa ezagutzeko aukera izan dute besteak beste. Gainera, paintball jarduera batean parte hartu dute, inguruko herriak ezagutu dituzte eta Pieter Luimes enpresara bisita egin dute, bertako lan-dinamika eta industriaren antolaketa gertutik ikusteko.

Proiektuak bizipen ahaztezinak eskaintzen dizkie gazteei: nazioarteko lankidetza, autonomia, iniziatiba, komunikazio-trebetasunak eta beste kultura bateko ikaskideekin elkarbizitza. Pertsona gisa ere hazi egin dira. Proiektuak erakusten du ikaskuntza eta bizipenak eskutik doazela.

IMHren ikuspegitik, Cross-Cultural Sailing bezalako proiektuak aukera bikaina dira gazteek Europa ireki eta konektatu batean ikasi eta hazteko.