Lanari euskaraz ekiteko bide-orria

2014/12/18 00:00:00 GMT+1
Lanbide Heziketako Prestakuntza modulua (LP) euskaraz egin ahal izateko neurriak hartzeko 120 pertsona bildu ginen Elgoibarko IMHn urtero antolatzen dugun enpresen hizkuntza-kudeaketaren inguruko 30+10 mintegian. Hausnarketan 300 proposamen inguru jaso ziren, Gehitu ikerketa oinarri hartuta. Horien berri eman nahi dugu hurrengo lerroetan.
Lanari euskaraz ekiteko bide-orria, artikulu osoa

Lanbide Heziketako Prestakuntza modulua (LP) euskaraz egin ahal izateko neurriak hartzeko 120 pertsona bildu ginen Elgoibarko IMHn urtero antolatzen dugun enpresen hizkuntza-kudeaketaren inguruko 30+10 mintegian. Haien artean izan genituen gaiarekin lotura duten eragile nagusien ordezkariak: Lanbide Heziketa eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Aldundia, Elgoibarko Udala, Berritzeguneak, ikastetxeak, enpresak eta enpresa elkarteak, hizkuntza-aholkularitzak, sindikatuak, alderdi politikoak. Hausnarketan 300 proposamen inguru jaso ziren, Gehitu ikerketa oinarri hartuta. Horien berri eman nahi dugu hurrengo lerroetan.

Gehitu ikerketak emandako datuak

Gehitu ikerketa IMHk, Lanekik eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, eta agerian utzi du Gipuzkoan 10 ikasletatik 8 gai direla euskaraz lan egiteko, 6k hala egin nahiko luketela eta 4k egiten dituztela praktikak euskaraz. Izan ere, Ikaslan, Hetel, Izea-Aice eta Ikastolen Elkarteko 39 ikastetxetako 1.457 ikaslek emandako erantzunen arabera, D ereduko 747 ikasletatik 289k gaztelaniaz nagusiki egin dituzte praktikak. 3 instruktoretatik 2 euskaraz aritzeko gai badira ere (1.014, instruktoreen %69,5), kasu batzuetan, euskara ez zekiten instruktoreak egokitu zaizkie, eta, beste kasu batzuetan, euskal hiztuna izanik ere, gaztelaniaz egin dute (197 kasu, instruktore euskaldunen %19,4).

Hausnarketaren proposamenak, laburbilduta

Gauzak horrela, hauek dira LP inguruan egindako hausnarketan jasotako ideia giltzarrietako batzuk: Eusko Jaurlaritzari eskatu zaio LP arautzea eta sistematizatzea, eredugarri eta sustatzaile izatea, eta errekonozimendu eta pizgarriak eskaintzea. Horretarako, proposatu zaio, batetik, LP arautzen duen 156/2003 dekretuan hizkuntza irizpideak txertatzea eta araudia betearaztea, eta, bestetik, hori gauzatzen laguntzeko, ikastetxeak garapen mailaren arabera elkartzea eta LP euskaraz egitea sistematizatuko duen egitasmoa jartzea martxan. Ikastetxeei proposatu zaie hizkuntza proiektuan txertatzea LP, helburu zehatzak finkatzea, eta LP prozedura hizkuntzaren ikuspegitik sistematizatzea. Enpresei eta Enpresa-elkarteei, gaiarekiko sentiberatzea eta aukera bermatzea eskatzen zaie. Euskara plana duten enpresek gaian sakondu, eta gainontzekoentzat euskara sustatzeko kanpaina periodikoak egin bazkideen artean, enpresek duten erantzukizunaz jabetzeko. Komeniko litzateke baldintzak sortzeko protokolo bat definitzea, hezkuntzarekin elkarlanean: instruktore euskaldunak lehenetsi, ikasleari harrera euskaraz egin eta hizkuntza kudeaketari buruz duten jarrera azaldu, tutorearekin bilerak euskaraz egin, paisaia linguistikoa eta dokumenturik erabilienak euskaratu, lan zirkuitu euskaldunak zehaztu...

Badira proposamenak jaso dituzten eragile gehiago ere. Esate baterako: Berritzeguneei koordinazio eta zubi-lana egitea eskatu zaie, erakunde publikoei eredugarriak izatea haiek kudeatutako praktiketan, eta babesa, sustapena eta sari-bideak jartzea; sindikatu, alderdi politiko eta besteei, baliabideak ipini eta zaintza lanak egitea...

Amaitzeko, esker ona eman 30+10 mintegiaren 9. edizioan eta Gehitu proiektuan parte hartu duten guztiei, eta 2015 urtean bide-orriko proposamenak gauzatzeko deia egin.