1.000.000: Ba al du merkaturik marka eta euskara lotzen dituen enpresak?

2013/10/15 00:00:00 GMT+2
Zenbat bezero potentzial ditu euskalduntasuna agerian duen produktuak? Halakoei bueltak ematen ari zaio M, IMHko Euskara batzordeko gainontzeko kideen zain dagoela, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan urriaren 23an egingo den 30+10 Mintegia antolatzeko bilera egin aurretik.

30+10 mintegiaren egitaraua....

Hemen jardunaldia zuzenean ikusteko aukera: http://www.imh.es/30g10/

M hizkuntza aholkularia da. Oporretatik etorri berria. Kanpora joaten denean atsegin du tokiko aniztasuna nola kudeatzen duten ikustea. Saiatzen da lurraldeko hizkuntzan hitz batzuk ikasten, begirunea adierazteko. Oraingoan erraza izan du: Kaliforniara joan da. Ingelesaz gain, gaztelaniak ere hiztun asko ditu (Wikipediaren arabera, AEBtako 2010eko erroldan, Kaliforniako jatorrizko hispanoamerikarrak %38 dira. Jende batek adierazi diotenez muga ixteak eragina izan du egoeran, nekazaritzan aldika lanean aritzen direnak bertan geratu behar izan direlako). Leku askotan, errotuluak bietara daude, eta zerbitzu askotan langileetako batek behintzat gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna du. Asko edo gutxi, bietan moldatzeko moduan da M.

E etorri da aurrena, proiektorea eta konputagailua eskutan. Gainontzekoak ailegatu bitartean, bidaian sortutako bi hausnarketa partekatu ditu Mk:

1. San Franciscoko bizilagunek ezagutzen eta estimuan dituzte euskaldunak. Hala adierazi dio batek baino gehiagok. Basque marka darabilten denda eta jatetxeak daude. Jende batek badaki horiek hiriko mapan kokatzen, baita jatorriko lurraldea munduko mapan ere.

Jatetxe horietako bateko arduradunak adierazi zion, hiri hori aukeratu zuela, Donostiara AEBtik oporretan joaten zirenen artean, gehienak bertakoak zirela ikusi zuelako.

Besta adibide bat da Mri apartamentua alokatu zion neskarena. Berehala egin zuen gustuko duen arropa markarekin lotura. Etiketak dio Basque Country (Spain) dela diseinuaren jatorria. Marka horrek hiru denda ditu han. Mri ere irribarrea ekarri dio. Gustukoa du arropa hori. Bai Euskarari ziurtagiria du. Euskalduntasuna ez da munduan aritzeko oztopoa. Lagungarria ere bada. Apartamentuko neska kantuan aritzen da. Testu bat itzultzea eskatu dio. Enpresek ere laguntzen dute Basque Country marka eraikitzen, eta jendea euskarara hurbiltzen. Elkar elikatzen dute.

South San Franciscon dagoen Basque Cultur Centerra eraikin handia izan arren, 78 bazkide ditu. Agian ez dira asko izango. Italiarren, eta, bereziki, txinatarren presentziatik oso urruti, baina hazia ereinda dago. Hala egin dute, azken mendeetan, hara joandakoek. Baliatuko al dugu? Zer egin dezakegu erreferentziala den horrelako hiri batek gure hizkuntza, kultura eta ekonomiarentzat lagungarria izan dadin?

2. Txinatar komunitateak eragin dio bigarren hausnarketa Mri.

Biztanleen %20 dira txinatarrak San Francisco hirian. Dendaz beteriko auzoa dute, eskolak, elizak… Eremua zabaltzen ari dira oraindik. Hizkuntza ofiziala ez bada ere, atez ate zaborra biltzen duten kamioietan eta garraio publiko batzuetan errotuluak eta megafoniaz ematen diren oharrak hizkuntza horretan ere dira.

Ek presentzia horren zergatiaz galdetu dio. Mk ere hala egin zuen, eta begirunearengatik baino, pisu ekonomikoarengatik dela erantzun zioten. Beraz, Mri gogora etorri zaio komunitate bateko kideek dirua non eman erabakitzen duten neurrian, ingurunean eragin eta alda dezaketela.

Eren ustez, gurean ere hala izan da. Ikastolak, euskaltegiak… komunitateak jakin du behar zuena sortzen. Bestelako produktu eta zerbitzuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 2011 urtean egindako V. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzen arabera 16 urtetik gorako 2.649.000 pertsonetatik 714.000 elebidunak dira eta 388.000 elebidun hartzaileak. Gutxienez, milioi bat bezero potentzial dituzte enpresek 20.000 Km² baino ez dituen eremuan. Agian, ez zaio palanka horri behar beste eragin, baina enpresa batzuek jakin dute baliatzen elikadura, jantzigintza, finantza-etxeak, telefonia… arloetan.

Hitz egiten ari diren bitartean, batzordeko gainontzeko kideak iritsi dira, baita mintegiaren antolaketan laguntzen duten hainbat lankide: Z, R, P, K, A, N…

Ek ordura arte hitz egindakoa laburtu du. Lotura baitu aurtengo mintegiko gai nagusietako batekin. Interesgarria iruditu zaie haien euskalduntasuna azalduta merkatuan arrakasta izan duten bi enpresa gonbidatzea 30+10 Mintegira. Mahaiaren bueltan jarriko dituzte euskal merkatuaz eta haien ibilbideaz aritzeko, Euskal Herria Esnea, Ternua arropa enpresa, eta marka eta branding arloan aritzen den AZK publizitate enpresaren ordezkariak. Argia aldizkariko Onintza Iruretaren galderei erantzungo diete.

Gainera, dio Ek, Artez aholkularitzak eta Gasteizko udalak azalduko dute euskarak nolako balioa duen bezeroen fidelizaziorako, Bai Euskarari ziurtagiriak Enpresarean egitasmoa eta Banaiz Bagara elkarteak “Euskara lanaren bitartez ikasi”. Arlo hori ongi jorratuko da oraingoan.

Mk galdetu dio ea Lanbide heziketa iraunkorrari buruzko saiorik izango den, Lanbide Heziketako ikasleen praktikei buruzko Gehitu ikerketarekin batera, eta baietz erantzun dio Ek. Gai horrekin abiatuko dela mintegia, Jaurlaritza eta Aldundiko agintarien agurraren ondoren.

Horretaz gain, gehitu dio Ek, enpresetako ahozko erabilera neurtu, interpretatu eta eragiteko saioa emango duela Emun aholkularitzak. Eta, azken urteetan bezala, nazioartekoari ere erreparatuko zaiola: batetik, Errusian ari diren bi enpresen berri jasota (Fagor Automation eta Ona Electroerosión) eta Elhuyar aholkularitzak ingurune eleanitzetan lanean aritzeko sarean diren tresnen berri emango duelako. Amaitzeko, Langunek, hizkuntza-industrien preclusterrak, 2016 bitarteko plana aurkeztuko du.

Egitarau osoa aztertu ondoren, Pk argitu du streaminga eta aldi bereko itzulpena ziurtatuta daudela. Rk ere ziurtatu du saio bakoitzean moderatzaile lanetan arituko direnak ere zehaztuta daudela.

Beraz, dena ondo, primeran. Jendea ere erantzuten ari da, gehitu du Ek. Gehienek imh@imh.es helbidera bidali dute mezua, baina badira, webaren bitartez (www.imh.es) edo 943744132 telefonora deituta egin dutenak ere.

Bilera bukatuta, etxerako garraioa hartu du Mk. Mugi txartelan dirua sartu behar izan du, eta aplikazioa gaztelaniaz baino ez dago oraindik. Pena arintzeko, gogora etorri zaio Sausalitorako ferryko txartel saltzailea. Nongoa zen jakin zuenean, haurrei euskara irakasten jarraitzeko eta erabiltzen jarraitzeko animo hitzak eskaini zizkion. Harrituta geratu zen. Orain, irribarrea etorri zaio. 250 enpresa baino gehiago ari dira dagoeneko lanean, baina euskal hiztunen eskubideak bermatzera ez gara iritsi oraindik. Egingo dugu.