EEE (ERE) egoeran dauden enpresa eta langileen prestakuntza bultzatzeko diru laguntzak

2009/02/11 19:08:00 GMT+2
Lehendakariak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuak langabeziei hezkuntza jaso dezaten laguntza emateko eta enpresei inbertitzen eta egitasmoak finantzatzen laguntzeko Gobernu Kontseiluak onartu dituen neurriak eman dituzte ezagutzera prentsaren aurrean.

2009ko otsailaren 10ean jakinera eman zutena, plazaratu zuten prentsa oharrean:

Prestakuntza bultzatzea da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetzarekin garatzen den ekimenaren helburua, langileen lanbide-kualifikazioa hobetu eta enpresen lehiakortasuna indartzeko.

Horrela, Azkarragak adierazi duenez, laguntza-programaren bidez "erregulazio-espedienteetan sartuta duen enpresek aurkezturiko eta eteteko Enplegu Erregulazioko Espedienteek eraginpean harturiko langileei zuzenduriko prestakuntza-planak finantzatu ahalko dira, baita plan horietan parte hartzen duten langileei emango diren banakako laguntzak ere, horretarako dietak edo osagarriak emanda".

Sailburuaren ustez, ekimen honek "familien baldintza ekonomikoak hobetuko ditu eta Enplegu Erregulazioko Espedienteen ondoriozko diru-sarreren galerak konpentsatuko ditu, eraginpean harturiko langileek jasotzen duten diru-kopurua haien soldataren % 75era irits baitaiteke".

Eteteko Enplegu Erregulazioko Espediente bat aurkeztu duten EAEko enpresek -betiere espedientea Lan Agintaritzak baimendurikoa bada- laguntzak eskatu ahalko dituzte ekainaren 30era arte, baldin eta prestakuntza-plan bat eransten badute eraginpeko langileentzat.

Langile bakoitzeko gutxieneko ordu kopuru subentzionagarria 40 izango da, eta gehienekoa, aldiz, 160. Gehieneko iraupena duten ikastaroen kasuan, bi hilabetean egingo dira, eta betiere Enplegu Erregulazioko Espedienteak onarturiko aldian.

Langileak konpentsazio eta bertaratzeagatiko dieta gisa jaso ahalko duen gehieneko zenbateko ekonomikoa 600 euro izango da -15 euro prestakuntza-lanegun bakoitzeko-.

Enpresak prestakuntza-ordu bakoitzeko gehienez 13 euroko konpentsazioa jasoko du justifikaturiko gastuengatik. Kopuru hori handiagoa izan daiteke gehienez 10 langile dituzten enpresentzat.

Azkarragak adierazi duenez, programak abiarazteko "LHko Zentroak eta Hobetuz dauzkagu, azken hori laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile gisa".

Programaren guztizko aurrekontua 15 milioi eurora iristen da 2009ko lehen seihileko honetarako.

Azkarragak adierazi duenez, egungo testuinguru ekonomikoan, euskal administrazioek "ezohiko eta premiazko esku-hartzea egin beharra daukagu, mehatxu hori aukera bihurtzeko".

Ildo horretan, azpimarratu du prestakuntzan inbertitzeak langileen eta enpresen arteko loturari eustea ere ahalbidetzen duela. "Ildo hori jorratzen du -esan du amaitzeko- gaur aurkezten dugun jardun-planak, eta prestakuntza eta kualifikazioa gehitzeko eta indartzeko erabili nahi ditu etenaldiak, langileek alferrik galdu ezin duten denbora baliatzeko aukera izango duten testuinguru batean".

Eusko Jaurlaritzaren aurkespena (gasteleraz)