BIEMH 2014-k makina erreminta sektorearen suspertzearen hasiera markatu du

2014/06/10 23:00:00 GMT+1
Ekainaren 2tik 7ra, guztira 35.500 lagunek bisitatu dute Makina Erremintaren 28. Biurtekoa, aurrekoan baino % 4,2 gehiagok. 57 herrialdetatik etorritako profesionalek Bilbao Exhibition Centreko pabilioietan erakusgai jarritako makina, osagarri, osagai eta ekipo industrialen kalitatea eta lehia egiaztatu ahal izan dituzte.
BIEMH 2014-ren leloa, “azoka aparta, konponbide apartekin, negozio apartak egiteko”, azoka garatu bitartean osatu da berrikuntza gehiagorekin, enpresa gehiagorekin, produktu, bisitari eta erosle gehiagorekin

Xabier Basañez BEC-en zuzendari nagusia pozik agertu da erakusketaren maila handiagatik eta azokan izandako profesionalek egindako harrera bikainagatik. “BIEMH honek sektore eta azoka honen suspertzearen bidea markatu du. Adierazle ekonomikoek onak izaten jarraitzen badute, ziur nago 2016an are azoka handiagoa edukiko dugula, maila teknologiko handiko erakusketarekin. “Think Big, Think BIEMH” leloa indar-indarrean egongo da” adierazi du BEC-en arduradun nagusiak.

BIEMH-i bisitari-ordezkaritza handienak ekarri dizkioten herrialdeak Portugal, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia, Errusia, Holanda, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Estatu Batuak, Txile, Venezuela, Aljeria, Maroko, Txina, India eta Taiwan izan dira, baita Australia eta Fidji Irlak ere, bi herrialde urrun eta exotiko aipatzearren.

Bisitarien interes handiena eragin duten sektoreak ondokoak izan dira: Txirbil-harroketa bidezko makinak, Makina-erremintarako erremintak eta osagarriak, Deformazio bidezko makinak, Automatizazioa, Metrologia eta Kalitate-kontrola, Soldadura, ebaketa eta oxiebaketa eta Ekipo hidrauliko eta pneumatikoak, besteak beste.

BIEMH-ek, ingurunean, Barne Produktu Gordinari (BPG) dagokionez, 32 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du, zergetan 4,7 milioi euro bilduta. Kopuru hori honela banatu da: % 62,7 erakusketari eta bisitariek ostalaritzan zuzenean egindako gastuan eta % 27,2 azoka-jardueraren zuzeneko gastuan. Gainerakoa (%7,5) garraioan eta aisialdi eta kultur jardueretan (%0,4) banatu da.

Bestetik, BEC-ekin batera azokaren antolatzailea den Advanced Manufacturing Technologies-en (AFM) presidente Antxon López Usozek prentsaurrekoan adierazi du azoka honek merkataritzako emaitza oso onak izan dituela erakusketari gehienentzat, espero zirenak baino hobeak. “Itxaropenak gainditu egin dira. Azokak barne-merkatuaren hobekuntza motel baina progresiboa balioztatu du”.

Makina-Erremintaren Inportatzaileen Elkartearen (AIMHE) presidente hautatu berri Jorge Garcíak ere oso balorazio positiboa egin du. “8 urte atzera joan beharko genuke asebetetze-maila honetara iristeko, bisitarien kalitateari eta kantitateari zein egin diren eta aurrerago egingo diren beste batzuen merkataritzako gestioen mailari dagokienez. Hemendik aurrera, etorkizuna askoz ere hobeto aurkeztuko da”.

Guztira 27 herrialdetako 1.314 enpresa erakusketarirekin, azken edizioan baino % 12 gehiago, nazioarteko marka liderrekin, sektore berriekin, prestazio handiko ia 800 makinarekin, 300 nobedade eta prestakuntza-hitzaldiekin, Makina-Erremintaren Espainiako 28. Biurtekoak sobera bete ditu aurreikusitako helburuak. BIEMH 2014ko enpresa erakusketarien % 57 atzerritarrak izan dira.

Bisita antolatuen atalean, protagonismo berezia izan du merkataritza-ordezkaritza atzerritarren programak. Zehazki, 24 herrialdetako erosle-taldeak etorri dira -gehienak gerenteak, enpresa-jabeak eta erosketa-zuzendariak-, besteak beste Argentina, Txina, Estatu Batuak, Frantzia, Maroko, Mexiko, Errusia eta Turkiako enpresa eta elkarteen ordezkariak.

Programa hori Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia-SPRI Taldearen Bulego sarearen eta BEC-eko agenteen euren lan koordinatuari eta atzerrian dauden Espainiako Merkataritza Ganberen lankidetzari esker burutu da.

Sektore berriak

Aurten, nobedade gisa, BIEMH-ek gune berezia eskaini die bi sektoreri: fabrikazio gehigarriari eta konpositeei. Bertan, enpresek eta zentro teknologikoek lehenbizikoz erakutsi dituzte haien eskaintza, esperientzia eta produktu lehiakor eta garatuenak. Erakusketa-guneaz gain, hitzaldi-areto bat ere egon da eta sektore horiek zehatzago ezagutzeko interesa izan duten 750 lagun bildu ditu.

Mugarria

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari Iñigo Urkulluk inauguratu zuen 28. BIEMH. Ekitaldi horretan, azoka “mugarria” dela esan zuen, zera erantsita: “BPG-ren adierazleak, inbertsioa, kontsumoa, kanpo-merkataritza eta esportazioak positiboak dira eta BEMH-en hazkundeak enplegu-sorkuntzan ere baduela islarik egiaztatuko dugu. Makina-erremintaren etorkizunak nahitaez behar du berrikuntza. Hori da euskal makina-erremintak Europan eta munduan eskuraturiko ospeari eusteko gako estrategikoa. Euskal Makina-Erreminta esatea kalitate eta jardunbide egokiaz aritzea da”.

Inaugurazio-ekitaldian, halaber, ondokoak izan ziren: Bizkaiko Diputatu Nagusi Jose Luis Bilbao eta BEC-en presidente eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburu Arantza Tapia, Barakaldo eta Bilboko alkateak, Alfonso García e Ibon Areso, AFM eta AIMHE erakunde profesionalen presidenteak, Antxon López Usoz eta Antonio Postigo, hurrenez hurren, Bilboko Merkataritza Ganberaren presidente Jose Angel Corres eta BEC-en zuzendari nagusi Xabier Basañez.

Renove Plana

BIEMH garatu bitartean, gauza asko gertatu eta berri garrantzitsuak izan dira makina-erremintaren sektorearentzat. Horietako bat Juan Ignacio García de Motiloa Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordeak iragarri zuen: Makina Industrialaren 2014ko Renove Planaren arrakasta, 107 milioi euroko eragindako inbertsioa lortuta euskal gobernuak egindako eta SPRI-k kudeaturiko 9,5 milioi euroko ekarpenaren bidez.

Lorpen hori aurkezteko eginiko prentsaurrekoan, Alex Arriola SPRI-ren zuzendari nagusia, Antxon López AFM-ren presidentea, alegia, Makina-Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartearena, programan parte hartu duen sektore nagusiarena, hain zuzen, eta Xabier Basañez BEC-en zuzendari nagusia ere izan ziren.

AIMHE-ren presidente berria

BIEMH bitartean izandako beste berri garrantzitsu bat AIMHE-rekin loturikoa izan da, sektoreko inportatzaileak biltzen dituen elkartearekin, hain zuzen, Zuzendaritza-batzordea berritzeko Ezohiko Batzarra egin baitzuen. 30 enpresa bazkideen gehiengoa bertan zela, Batzordea elkartearen estatutuen arabera berritu zen, eta gehiengoz hautatu zen Jorge García, FEGEMU-koa, Presidente. Hala, AIMHE-ren hastapenetatik elkartearen sustatzaile nagusietako bik, Maquinser-eko Antonio Postigok eta Delteco-ko Xabier Aranbarrik, hain zuzen, Batzorde berriari utzi diote lekukoa, Presidenteorde Emuge Franken-eko Eduard Farran, Idazkari DTC Tecnología-ko Eduardo Matesanz eta Diruzain Daunert Máquinas-Herramienta-ko Antonio Jover izango dituena.

Diseinuaren Sari Nazionala

Aurreko edizioetan bezala, Makina-erremintaren eta fabrikazio teknologien Diseinu eta Berrikuntzaren Sariak banatu dira BIEMH-en, 11.ak, hain zuzen. Makina-erreminta eta Osagaiak modalitateetan, Ona Electroerosión eta Zayer enpresak izan dira irabazleak, hurrenez hurren.

Sari-banaketan Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Diputatua, Fernando Romero Fabrikazio Ingeniaritza Elkartearen Presidentea, Xabier Ortueta AFM-ren Zuzendari Nagusia eta Xabier Basañez Bilbao Exibition Centreren Zuzendari Nagusia izan ziren.

Era berean, aipamen bereziak egin zitzaizkien Gurutzpe enpresari, bere “disko motorizatuko tornua”gatik, makina-erremintaren modalitatean, eta Fagor Automation enpresari “CNC 8060”gatik, osagarriak, osagaiak eta erremintak kategorian.

Aldi berean, lehenbizikoz banatu da “SIF 2013ko Ikasturte Bukaerako lan eta proiektu onenen saria”. Horietako batek AFM-ren aipamen berezia jaso zuen makina-erremintaren sektorearekin erlazionaturiko karrera bukaerako proiektu onenari.

Elgoibar, Omenaldia M-Eri

Gipuzkoako Elgoibar herria Makina-Erremintan bilakatu izanaren mendeurrena ospatzeko asmoz, Alfredo Etxeberria Murua Elgoibarko Alkateak “Elgoibarko Makina-Erremintaren historia laburra” liburua aurkeztu zuen, aurrerapenaren bermatzaile gisa etengabeko bilakaeraren beharra transmiti dezan.

Etorkizuneko profesionalak

6.000 gaztetik gora, Lanbide Heziketako eta IMH-ko ikasleak, Makina-Erremintaren Biurtekoa bisitatzera etorri dira euren irakasleekin batera azokan erakusgai dauden makina berezien nazioarteko eta herrialdeko eskaintza ezagutzeko asmoz. Horrela, gune bakarrean Europako eta nazioarteko merkatuko produktu nabarmen guztiak ezagutu ahal izan dituzte, eta bertatik bertara ikusi haien funtzionamendua eta BIEMH-en egiten diren eragiketak burutzeko moduak.

Bisita instituzionalak

Azokak iraun bitartean, egunero jaso dira erakundeen bisitak. Zenbait aipatzearren, Ekonomia Ministeriotik, ICEX-etik, Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundietatik, Bilboko Merkataritza Ganberatik eta SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziatik etorritakoak nabarmendu dira.

 

(Iturria www.biemh.com)