Euskararen Tailer praktikoa industria esparruan IMHko langabeen ikastaroko ikasleentzat

2016/11/25 00:00:00 GMT+1
IMHren euskara planak sustatuta, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin eta Banaiz Bagara Elkartearen dinamizazioaren bidez, “Euskara Plus” oinarrizko euskara ikastaroa abiatu da IMHko instalazioetan. Industriaren inguruko oinarrizko euskara landu nahi baduzu, gonbidatuta zaude.

Hitzordua ostiraletan da, 13:30etan. David Fernandez, Banaiz Bagarako irakaslea, eta IMHko ikaslea ohia dena, izena eman dutenekin elkartu eta tailerrean ordu betez aritzen dira:

"Kaixo! Gaur rol-jokoa egingo dugu", esan die David irakasleak Metrologia, Txirbil Harroketa eta Muntaiko ikastaroetatik euskara praktikatzeko gogotsu agertu diren ikasleei". "Batzuk enpresako langileak izango zarete eta besteak tailerra bisitatzera zatoztenak. Tailerrean zer dagoen azalduko diezue, makinak zer egiten duten eta zuek, bisitariok, galdetu".

Horrela hasi zuten joan den ostiralean saioa eta IMHko tailerrean ikusi genituen Cristina, Vincent, Txomin, Marian, Guillermo eta besteak euskara poliki poliki ahotan erabiltzen.

20 ostiraletan egingo da euskareren tailerra, doakoa (subentzionatua), erabat praktikoa, eta ikasle bakoitzaren euskara mailara egokitzen jardungo du Davidek. Lotsa galdu, dakiten apurra "armairutik" atera, eta IMHko ikastaroetan ikasten daudenarekin erlazioa duten gaiak ikusiko dituzte, piezen planoak, piezen multzoen muntaia, etabar. Talde lanean eta modu dibertigarri eta atseginean.

IMHko ikastaroetako beraien irakasle eta ikaskideei ere eskatu diegu lagundu diezaieten, ikasi duten apurra indartzeko. Hitz egin polikiago, mesedez, "ikasten nabil eta" eskatuko die Euskara Plus-eko ikasle partaideek beraien ikaskideei. Pixkanaka, konfiantza hartuz.

IMHko euskara planaren barruan landu dugu ekimena, Elgoibarko Udalaren euskara eta sustapen ekonomikoko sailekin batera. Banaiz Bagarako EuskaraPlus metodologia baliatu dugu horretarako. 2016ko udaberrian Udalak ostalaritzaren esparruan egin zuen ikastaroa eta orain industriaren esparrukoaren txanda iritsi da.

Erakargarria? Izena eman nahi baduzu, deitu IMHra (943748270 Nora Ramon), ongi etorria izango zara!