Caixabank Dualiza proiektuaren itxiera: jolas inklusiboak, lankidetza eta inpaktu soziala

2026/05/07 12:35:03 GMT+2
Elkarlanetik gizarteratzeraino: IMH eta MEKAko ikasleek inklusioa eta teknologia uztartu dituzte proiektu berritzailean.

IMHketa MEKAk elkarlanean garatutako CaixaBank Dualiza “Jolas inklusiboak guztiontzat” proiektua amaierara iritsi da. Azken topaketa MEKA ikastetxean ospatu da, proiektuaren itxiera emateko eta egindako ibilbidea partekatzeko.

Proiektuan parte hartu dute IMH-ko Mekanizazioko lanbide zikloko bigarren mailako ikasleek eta MEKA-ko Lanbide Gizarteratze zikloko ikasleek, profil ezberdinetako ikasleen arteko lankidetza aberasgarria sustatuz. Elkarlan horri esker, ikuspegi teknikoa eta soziala uztartu dira, benetako beharrei erantzuten dieten proposamenak garatzeko.

Helburua argia izan da: jolas inklusiboak diseinatu, garatu eta balioztatzea, erabiltzaile guztientzat irisgarriak eta egokiak izan daitezen. Horretarako, proiektua hainbat fasetan garatu da:

  • Lehen topaketan, inklusioaren ikuspegitik jolasen diseinurako oinarriak landu ziren.
  • Bigarrenean, proposamenen hobekuntza teknikoa eta funtzionala jorratu zen.
  • Hirugarren fasean, proiektuak bere dimentsio soziala indartu zuen: ikasleek sortutako jolasak Elgoibarko San Lazaro adinekoen egoitzan probatu zituzten, erabiltzaile errealekin harreman zuzena izanik. Esperientzia honek aukera eman zuen jolasak egokitzeko, erabiltzaileen gaitasun eta beharretara moldatuz, eta aldi berean ikasleen enpatia eta kontzientzia soziala garatzeko.

Azken topaketa, LUNTX formatuan ospatu da, proiektuaren itxiera gisa. Bertan, ikasle eta irakasleek egindako lana partekatu dute, prozesuan zehar lortutako emaitzak azaleratuz eta bizitako esperientziak balioan jarriz.

Proiektu honek agerian utzi du lanbide heziketak duen potentziala erronka sozial errealak lantzeko, ikaskuntza teknikoa eta balio sozialak uztartuz. Parte hartu duten ikasleek gaitasun profesionalak garatzeaz gain, inklusioa, lankidetza eta gizartearekiko konpromisoa landu dituzte, benetako testuinguruetan jardunez.

Eskerrik beroenak proiektuan parte hartu duten ikasle, irakasle eta erakunde guztiei, bereziki Elgoibarko San Lazaro adinekoen egoitzari, prozesuan emandako laguntzagatik eta egindako ekarpenagatik.