Txandakako IMH ingeniaritza-eskolaren ikasturte-irekiera

2005/10/20 00:00:00 GMT+2
Elgoibarko IMH ingeniaritza-eskolako 10. promozioak 2005-2006 ikasturtea hasi zuen urriaren 20an.

IMHren Areto Nagusian 10. promozioko ikasleen, horien familiartekoen eta klaustrokideen aurrean eginiko ikasturte-hasierako ekitaldian, Inaki Irazabalbeitiak, Ingeniaritza-eskolako zuzendariak, azpimarratu du txandakako irakaskuntza industriaren beharretara doitutako profesional egokiak prestatzeko bide eraginkorra dela. Era berean, "Gizarteak eta enpresa-ehunak txandakako irakaskuntzaren (ikusi oharra behean) berri izan eta ontzat jo dezaten IMHren ingeniaritza-eskolaren erronketako bat da" erantsi zuen. Txandakako irakaskuntza oso hedatua dago Europako hainbat estatutan, Frantzian esaterako, baina ezezaguna da gure artean.

Ildo beretik, Aingeru Gallastegik, lehen promozioko ikasle ohiak, adierazi du IMHko ingeniaritza-eskolak ikasketa unibertsitarioak egiteko aukera eman ziola, bestela egiterik izango ez zukeena. Bestetik, gaineratu du, ikastean eta aldi berean lanean aritzeak, enpresaren egunerokotasunaren ikuspegi zehatzagoa eman diola eta, horrek, bere lan profesionalerako balio erantsi garrantzitsua izan dela.

Azkenik, Joxe Mari Ulaziak, Fagor Arrasateko Pertsonen Garapen eta Organizazioko Zuzendariak, IMHko ingeniaritza-eskolak unibertsitate-ikasketak egiteko beste aukera bat eskaintzen diola euskal gizarteari adierazi zuen eta berri oso pozgarria dela 10 promozioa abian hastea. Bere hitzaldian, profesional on baten ezaugarriak zeintzuk diren azaldu ditu eta horien artean etika azpimarratu du balio nagusien artean. "Etika ez da hautazkoa" Joxe Mari Ulaziaren hitzetan.

Oharra Txandakako Irakaskuntza: Unibertsitate mailako txandakako formazioan, ikasleak ikasten duen bitartean enpresan lan egiten du, proiektu pertsonal baten arabera. IMH Ingeniaritzaren formazioak bi beharrei erantzuten die: Goi mailako heziketa ziklo industriala edo baliokidea egin duten ikasle gazteei eta enpresan ardura handigoak lortu ahal izateko goi mailako heziketaren beharra sentitzen duten langileei

Argazki oina, ezkerretik eskuinera:

Javier Lopez, Joxe Mari Ulazia, Inaki Irazabalbeitia eta Aingeru Gallastegi.