Heziketa zikloetan ingeles eskolen garrantzia

2014/09/08 23:00:00 GMT+1
Aitzol Urain, IMHko ikasle ohi eta egun muntatzailearen hitzak gure ikasleentzat: "baliatu orain ingelesa ikasteko aukera, bestela ondoren lanean gaizki pasatzen da eta lan aukerak gal daitezke"

Aitzol Urain mendaroarrak IMHn mekatronika ikasi zuen duela 7 urte eta egun DanobatGroupeko langile eta bazkide da. Bestalde, Leire Gonzalez, Danobat S.Coop.eko Giza Baliabideen Teknikaria da.

Gaur IMHko goi-mailako zikloetako 1. kurtsoko ikasleekin egon dira. Aitzolek bere kasua azaldu du: IMHn ikasten amaitu eta DanobatGroupen lanean hasi zenean ingeles maila baxu xamarra zuen.

Danobaten berehala jarri zuten ingelesa ikasten: goizeko 7.30etan egunero joaten zen ikastera. Zergatik? Bezeroen makinak muntatu eta martxan jartzeko ezinbestekoa duelako ingelesez aritzea Ameriketako Estatu Batuetan, Txinan, Alemanian... eta hainbat herrialdeetara joatean denean.

Eta bera bezala lankide gehienak. "DanobatGroupen bazkide izateko ingeles B2 maila (Firt Certificate) gainditu behar duzu, bestela, langile oso ona izan arren... ez zaituzte bazkide egiten" dio Leire Gonzalezek.

Aitzolek: "Lankide asko ditut urduri dabiltzanak, bazkide izateko azterketa ez gainditzeko beldur, goizeko 7.30etan joaten dira ingelesa ikastera eta ondoren lanera; eta 8-9 ordu tailerrean pasa ondoren berriz ingeles akademia batera... Oso gogorra da lanean zaudenean horrela ibiltzea. Horregatik merezi du eskolan ingelesa ikasteko aukerak baliatzea, orduan denbora gehiago dozu eta gero ez dozu horren  gaizki pasatzen..."

DanobatGroupek mekatronika perfilak eskatzen ditu, baina gure inguruan enpresa gehienak txikiagoak dira eta produkziokoak. Eta kasu hauetan mekatronika zein produkzioko langileek ingelesa behar izaten dute bezeroari erantzuteko.