24 IMH Sariak: Ekintzailetza eta jarreraren garrantzia

2026/06/19 12:13:00 GMT+2
Gorka Garatek IMH SARIAK 24. edizioko aitortza jaso du, ikasle ohi aipagarriaren atalean. Bere hitzak partekatzen ditugu.

Gorka Garate Rodrigo.

Elgoibartarra (1980), MAGAR SISTEMAS (Elgoibar) enpresako gerentea, diseinatzailea, komertziala, erosketa arduraduna… Denetik egin behar izaten du.

Gorkak batxilergoa amaitzean Diseinua ikasteko asmoa zuen, baina azkenean Mekatronikako bidea hartu zuen IMHn. Ondoren, goi-mailako titulu gehiago lortzeko grinez, Berrikuntza Ingeniaritza Duala ikasi zuen.

MAGAR SISTEMAS Javier Garatek sortu zuen 1994an eta 2000 urtean sartu zen Gorka aitaren enpresan, Ingeniaritza ikasketetako enpresa-dualean. 2008ko krisia etorri zenean aldaketak egon ziren eta Etxe-Tarren bulego teknikoan postu bat eskaintzen zutenez bertan hasi zen lanean. Etxe-Tar "master" bat izan zen Gorkarentzat, aukera eman baitzioten utillajeak, karenatuak, kabezalak etab. diseinatzeko.

2015ean MAGAR-era bueltatu zen. Besteak beste robot-zelulak egiten dituzte, trazabilitate sistemak, markajeak laserrarekin, entsegu-makinak eta mekanizazio makina txikiak, teknologia berriak aplikatuz (automatitzazioak, ikusmen artifiziala...).

Gaur egun bi lankidek osatzen dute MAGAR: Gorkak berak eta Igor Iriondok. Igor IMHko mekatronikako ikasle ohia da eta IMH Sarietan ikasle aipagarria eta Elgoibartar aipagarria sariak jaso zituen. Gorkak ez zekien Igorrek sari horiek jaso zituenik. Biek dute zaletasun bera, mendiko motorra, eta Gorkak aspalditik ezagutzen du Igor. Beti gustatu izan zaio hark mendian erakusten duen jarrera eta horregatik eskaini zion MAGARren lan egitea.

Izan ere, Gorkarentzat jarrera balio garrantzitsua da. Berak dioenez, ez zen oso ikasle ona, baina lanari esker, orduak sartzeari esker lortu zuen ikasketak aurrera ateratzea. Horregatik azpimarratu du jarrera, eta bertaratu diren ikasleei esan die ausartak izateko, ez konformatzeko lortzen duten lehen lanarekin, prest egoteko aldatzeko. Egungo gazteei ere etiketak jartzen zaizkie baina Gorkaren ustez etiketak puskatzeko daude eta berak argi dauka gaur egungo gazteak, lehengoak bezala, ekintzaileak direla, langileak, jarrera izan behar dute, besterik ez.