125 urteko ibilbide oparoa Elgoibarko lanbide heziketarentzat

2025/09/19 10:28:00 GMT+2
Elgoibarko lanbide heziketaren 125 urteurrenaren itxikera ekitaldia ospatu dugu, hezkuntza, industria, erakundeak eta komunitatea uztartuz.

Irailaren 18 aukeratu da Elgoibarko lehen lanbide heziketa eskolaren sorrerararen egun bera, 125. urteurreneko ekintzen hasiera eta amaiera egiteko.

Urte osoan ospatutako momentuak izan dira: 1899ko irailaren 18an jaso zen lehen marrazketa akademia sortzeko akta. Data bera aprobetxatuz, 2024ko irailaren 18an urteurren ospakizunekin hasi ginen, eta gaur, irailak 18, itxiera eman diogu. Urte osoan zehar hainbat jarduera antolatu dira: filatelia erakusketa, BIEMH Fabrikazio Aurreratuko Nazioarteko Azokaren aitortza, jaietako txupinazoa, lanbide heziketaren jatorrizko historiari buruzko kafe-solasaldia, Don Boskoren eguna, Meka eta IMHko ikasle eta enpresa ohiei irekitako ateak, etorkizuneko estrategiari buruzko work-kafea, UIK-EHU udako ikastaroa, lehendakariaren bisita MEKA Albitzurira 2025/26 ikasturteari hasiera emateko eta 125. urteurrena oroitzeko plaka jartzen parte hartzeko.

Itxiera ekitaldia

Ekitaldia hasi aurretik, goizean IMH eta MEKA ikastetxeetako lorategietan pagoa eta haritza landatu ziren, belaunaldien arteko lotura eta etorkizunaren konpromisoa sinbolizatzen duten urteurreneko oroigarri-plakekin batera. Jarduera horretan parte hartu zuten IMHko eta Mekako ikasle, irakasle eta zuzendaritzetako ordezkariek, baita Elgoibarko Udaleko eta 125 urteurreneko batzordeko kideek ere.

Ondoren, Herriko Antzokian, Mekako eta IMHko ikasleek gonbidatuei ongi etorriaren photocall-a eta urteurreneko pin-a eman ondoren, ekitaldiari hasiera eman zioten Alaitz Bastida IMH LHIIko zuzendariak, Jose Mari Beristain MEKA LHIIko zuzendariak, eta eskertza adierazi zuten 125. urteurreneko batzordeari, Makina Erremintaren Museoari, makina erremintaren historiazaleei, lanbide heziketako komunitateari, elkarlanean jarduten duten eta ezinbestekoak diren enpresa eta erakundeei, eta bereziki urteurrena antolatu ahal izateko lagundu duten enpresei: DanobatGroup, BESA, Geminis Lathes babesleak, eta Berkoa, Mancisidor, Ger, AVS, Nordplastic, Telleria, Laboral Kutxa laguntzaileak.

Jarraian Jon Labaka Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak orainaren eta etorkizunaren erronkei buruz jardun zuen.

Urteurrena gogoratzeko egindako jardueren bideo laburpena proiektatu zen, eta irakasle ohi, ikasle ohi, langile ohi eta zuzendari ohiei omenaldia egin zitzaien. Oroigarri gisa, haritz eta pagoen adartxo bana jaso zuten hauek guztion izenean:

Jose Mari Bastida MEKAko zuzendari ohiak, eta Joxean Egaña IMHko zuzendari ohiak, Kontxi Arana Mekako irakasle ohiak eta Santi Sastre IMHko eta irakasle ohiak, Arrate Berasategi Mekako lankide ohiak eta Fernando Montero IMHko langile ohiak, eta Ignacio Fernandez de Jauregi eta Gloria Mugerza Mekako ikasle ohiek.

Adartxo horiek eman zizkieten Maialen Gurrutxaga alkateak, Alaitz Bastidak, Jose Mari Beristainek eta Jon Labakak.

Ekitaldiaren beste une berezietako bat izan zen Bernardo Ecenarroren Elgoibarko lehen marrazketa irakasle eta zuzendari izan zenaren marrazketa-lamina historikoen aurkezpena, Makina Erremintaren Museoko Rafael Zulaika zuzendarien eskutik. Shanty Oria Elgoibarko margolari eta eskultoreak urteetan gordeta izan dituen laminak aurkeztu zituen Zulaikak, kontestu historikoa azaldu, eta behin-behineko gordailu modura jaso ditu Museoaren izenean, Shanty Oriak, Ecenarro familiako ordezkari Esther Arakistain Ecenarrori eta Leire Melgosa Ecenarrori eta Maialaren Gurrutxaga Elgoibarko alkateari gordailu-adierazpen agiriak emanaz.

Amaieran, Maialen Gurrutxaga alkateak hartu zuen hitza, herriaren eta lanbide heziketaren arteko elkarlana goraipatuz eta etorkizunera baikortasunez begiratzeko gonbita luzatuz.

Ekitaldia amaitzeko, talde argazkia eta mokadua izan ziren Maalako estalpean, ospakizun giroan.

Urteurrenaren ospakizunen itxiera hau etengabeko bidearen jarraipena gogoratzeko unea izan da. IMHk eta Mekak aurrera jarraituko dute prestakuntza praktikoan, berritzailean eta komunitate kohesioan oinarritutako hezkuntza eskaintzen.

Elgoibarko lanbide heziketa, aitzindari eta erreferente

1899ko irailaren 18an jaso zen Elgoibarko lehen Marrazketa Akademiaren sorrerako akta Elgoibarko Udaletxean, artisautza-industriako langileen prestakuntza hobetzeko, herritarrek hala eskatuta. 125 urtetan zehar, Elgoibarko lanbide heziketa hezkuntza sistema berritua bihurtu da, industria modernoaren beharretara egokitua eta unibertsitatera zabaldua, 2+3 eskaintza berriarekin.

Elgoibarko Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleen eta zuzendaritza-taldeen dedikazio handiak fruituak eman ditu Elgoibarko Udalaren, Lanbide Heziketaren jardueran inplikatutako enpresen eta lurralde eta autonomia mailako erakunde publikoen laguntzarekin.

Elgoibarko Lanbide Heziketak aitzindari eta erreferente izatea lortu du hezkuntza-berrikuntzaren funtsezko alderdietan, hala nola, erronketan edo proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboetan (Ethazi), prestakuntza dualean eta Lanbide Heziketak industriarako berrikuntza aplikatuko inguruneetan ekarri duen eraldaketan.

Tokiko eta autonomia-erkidegoko erakundeek jakin izan dute Elgoibarko Lanbide Heziketak sortutako onurak aitortzen eta sustatzen, eta berrikuntza horiek Lanbide Heziketako euskal sare osora zabaltzen.

Bestalde, enpresak, industria-elkarteak eta enpresa-elkarteak indartu egin dira, eta indartzen jarraitzen dute, Lanbide Heziketak emandako talentuari esker.

  • Ikusi itxiera ekitaldiko argazkiak

125 urteurreneko ekintzen bideo laburpena (2025eko irailaren 15 artekoak)