IMH Ingeniaritza Eskolak eta CESIk lankidetza-hitzarmena berritu dute

2006/02/22 00:00:00 GMT+1
Otsailaren 21ean IMHren egoitzan eginiko ekitaldian, IMH Ingeniaritza Eskolak eta Frantziako CESI erakundeak elkarlanerako duten hitzarmena berritu dute.

André-Georg Clep CESIren Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Joxean Egañak IMHko zuzendari kudeatzaileek hitzarmena sinatu ostean, azpimarratu egin zuten bi erakundeen artean dagoen elkarlanerako esparrua indartu eta zabaltzeko asmoa. Bide horretan IMHko Ingeniaritza Eskolaren eta CESIren Paueko ikastetxearen artean mugaz bi aldeko proiektuak bultzatuko dituzte didaktikaren eta pedagogiaren alorrean zein txandakatze-sistema gizarteratzeko helburuarekin. Irakasle-trukeak, ikasleen egonaldiak, ikerketa-proiektu partekatuak eta antzeko ekimenak burutu nahi dira. Esparru horretan kokatzen da, bestalde, martxoaren 21ean Donostiako Parke Teknologikoan antolatu den Txandakatzea, enpresarentzat trebakuntza alternatiba izeneko jardunaldia.

CESIk 12 ingeniaritza-eskola ditu Frantzian eta erreferentziazko erakundea da txandakatze bidezko ingeniarien formakuntzan. Halaber, CESI da Frantziako ingeniari-tituluak ematen dituen Commission des Titres d’ingénieur delakoaren aurrean IMH Ingeniaritza Eskolak ematen dituen ikasketen berme-emailea.