Lanbide Heziketako irakasle taldeari zuzendutako trebakuntza

IMHko Lanbide Heziektako irakasle taldeak formazio saioak jaso ditu 2025-2026 ikasturtearen hasieran, hezkuntza inklusiboago eta eraldatzaileago baterantz urratsak emateko asmoz. Sorginlore elkartearen eskutik garatutako bi saiotan, ikasleen gero eta anitzagoa den errealitateari eta diskriminazio egoerei ikuspegi intersekzional batetik heltzea izan da helburua.
Formazioaren oinarria pedagogia feministetan eta herri hezkuntzan egon da: irakasleen aurretik egindako ibilbideari balioa eman zaio, partaidetza esanguratsua eta dialogikoa sustatu da, eta praktikara bideratutako proposamen eraldatzaileak landu dira.
Landutako eduki nagusiak honako hauek izan dira:
• Intersekzionalitatea: aniztasuna eta desberdinkeriak, pribilegioak eta zapalkuntzak, sistema sozial desberdinek (generoa, arraza, klasea…) nola elkar gurutzatzen duten aztertuta.
• Irakasleak erreferente gisa: pentsamendu eta jokabide diskriminatzaileak (arrazistak, sexista edo klasistak) iraunarazteko arriskuak eta, era berean, eraldaketarako duten potentziala.
• IMHn bizikidetza sustatzeko gakoak, aukerak eta praktikak identifikatzea.
IMHn uste sendoa dugu hezkuntza kalitatezkoa izateko, ezinbestekoa dela ikasleen aniztasuna ulertzea eta errespetuz eta justiziaz erantzutea. Bide honetan urrats berriak ematen jarraituko dugu.