Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetza eta Makina Erremintaren Institututuaren arteko lankidetza protokoloa

2006/07/27 00:00:00 GMT+2
HPSk lehenetsita duen helburuetako bat lan munduan euskararen erabilera berreskuratzea da eta horretarako ekintzetako bat IMHrekin elkarlanean aritzea izango da makina erremintaren sektorearengan eragiteko. Sektore honetan euskara plana duten enpresa ugari dira eta beraz, eremu honetan lana egitea biderkatzaile izatea espero da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Elgoibarko Makina-Erremintaren Institutuak (IMH) lankidetza-protokoloa sinatu dute alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko.

Protokoloaren helburu nagusia bi erakunde hauen ekintzen arteko osagarritasuna lantzea da, alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeari begira betiere. Helburu nagusi hori betetzeko hainbat lan begiz jo dira; horien artean datorren urriaren 26rako IMHk beste zenbait eragile eta administrazioren laguntzaz prestatutako honako mintegi hau: 30+10 Mintegia. Makina-Erremintaren hornitzaile fabrikatzaile eta erabiltzaileen erantzukizun soziala eta euskara. Baliabidea eta praktika onak. Mintegiaren xedea da makina-erremintako sektorearen inguruan diharduten enpresei hurbildu eta ezagutaraztea euskaraz garatutako zerbitzuak, makinak eta tresnak.

Mintegi horren antolaketarekin batera, protokolo honen bitartez zabalkunde egokia eman nahi zaie gerora bertan aurkeztuko diren esperientziei edota bestelako lanei ere; terminologikoak kasu; interesa duen pertsona orok erabilgarri izan ditzan.

Legegintzaldi hasieran adierazitakoaren ildotik, eta bere garaian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak finkatutakoari jarraiki, alor sozio-ekonomiko pribatuan eragitea da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lehenetsitako lan-lerroetako bat.

Makina-Erremintaren Institutuak bere aldetik 2003ko udazkenean GOAZEN egitasmoa jarri zuen abian, Ahize-AEKrekin elkarlanean, euskararen erabilera areagotzeko asmoz, bai erakundean bertan, bai makina-erremintaren sektorean ere.

Gaur egun euskara planak abian dituzten enpresen artean, makina-erremintan dihardutenek osatzen dute multzo handienetako bat. Hortik, besteak beste, gaur aurkeztutako ekimenaren garrantzia.

Legegintzaldi honek bete berria du bere lehen urtea, eta tarte honetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat egitarau jarri ditu abian, beti bezala euskararen normalizazioan aurrera egiteko asmoz.

Jakina denez, eta Hizkuntza Politika Aurrera Begira dokumentuak jasotzen dituen 33 lan-lerro nagusien artean, bat arlo sozio-ekonomiko pribatuari dagokiona da. Sailburuordetzatik sarritan esan izan den bezala, lehentasun handikoa da alor honi eragitea, helduaroko esparrurik pragmatikoena delako, esparru ekonomikoaren garrantzia begi-bistakoa delako, eta gizabanakoaren ikuspegitik begiratuta ere, bizitzaren tarte handi bat honetan ematen dugulako. Azken batean gure hizkuntza-politikari sendotasuna eta heldutasuna emango dion esparru bat delako. Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik, esparru sozio-ekonomikoan eragin beharra dago: bai enpresetan bertan, bai eragile sozio-ekonomikoengan, baita bestelako eragileengan ere, dela euskara-planen bitartez, dela aldeko ekintza positiboen bitartez, dela sentsibilizazio-saioen bitartez. Helburu hori taxuz betetzeko asmoz, egitasmo zabal bat ari da lantzen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Lan-Hitz izenekoa, eta udazkenean emango da horren berri xeheagorik.

Alor sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioak aurrera egingo badu, enpresetan ez-ezik, alor horretako agenteengan ere eragin beharra dago, haien inplikazioa eta esku-hartze zuzena lortze aldera. Eginbehar hori argi jasotzen du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak berak ere. Hain zuzen ere, honela dio:

Enpresetan euskararen erabilera areagotzeari begira, hizkuntza-politika antolatu helburu horiek kontuan: merkataritza-ganbarak, enpresariak eta enpresari-elkarteak, elkargoak, sindikatuak, eta abar, hizkuntza-politika horretako partaide bihurtzea; lantokietan euskararen aldeko proiektuak ezartzeko markoa definitzea eta giza baliabideak nahiz ekonomikoak bideratzea; lantokien tipologiaren araberako proiektuak diseinatzea eta gauzatzea.

Helburu hori betetzeko, 2005az geroztik hainbat bilera egin ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bai enpresaburuen elkargoekin, bai EAEko sindikatu nagusiekin, ikuspegiak trukatzeko eta etorkizunari begira ekinbide konpartituak lantzeko. Harreman horiek lantzen dihardu HPS, eta laster horren uzta biltzen hasiko da.

Alor honetan diharduten eragileak asko eta askotarikoak dira. Gaurkoan bereziki makina-erremintako prestakuntzan diharduen eragile batekin sendotu nahi den harremanaren berri eman nahi da; izan ere, bai lan-prestakuntzan, bai lanbide-heziketan, izen eta itzal berezia duen erakunde batekin lankidetza-protokoloa sinatu da: Elgoibarko IMH, Makina-Erremintaren Institutuarekin hain zuzen.

Elgoibarko IMH prestakuntza eta Berrikuntza Teknologikoko zentroa da, formazio teknikoaren eta hedatze teknologikoaren bitartez industriari eta gizarteari zerbitzatzen diona eta aitortza zabala duena: 3.000 ikaslerengana iristen da, eta elkarlanean dihardu sektore honetako 300 enpresa baino gehiagorekin.

Makina-Erremintaren Institutuak 2003ko udazkenean GOAZEN egitasmoa jarri zuen abian, Ahize-AEKrekin elkarlanean, euskararen erabilera areagotzeko asmoz, bai erakundean bertan, bai makina-erremintaren sektorean ere. Euskara-planak 2015era arteko iraunaldia du eta hainbat helburu finkatuta ditu euskararen erakundetzeari, erabilera nahiz presentzia areagotzeari begira.

Bestalde, euskara-planei dagokienez, makina-erremintaren sektorea da zeregin honetan diharduen multzo nagusietako bat. Horregatik guztiagatik, eragin biderkatzaile nabarmeneko erakundetzat jo du Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak Makina Erremintako Institutuarekin harremana eta elkarlana sendotzea.

Sinatu berria den protokolo honen xede nagusia da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak udazkenean abiatuko duen LanHitz programa eta IMHk dagoeneko martxan duen Goazen ekimena elkarren osagarri gertatzea.

Xede nagusi hori hornitzeko, hainbat lan garatuko dira elkarlanean. Hona hemen labur-labur:

  • Batetik, datorren urriaren 26an egingo den mintegia. 30+10 Mintegia. Makina-Erremintaren hornitzaile fabrikatzaile eta erabiltzaileen erantzukizun soziala eta euskara. Baliabidea eta praktika onak izenburua duena.
  • Bigarrenik, euskara-planak hizpide, mintegi horretarako prestatuko diren ponentzia eta bestelako artikuluen zabalkundea, izan ere, mintegiko "Baliabideak eta Praktika Onak" atalean aurkeztuko diren ponentzia nahiz materialei berariazko zabalkunde egokia eman nahi zaie, internet bidez bereziki.
  • Hirugarrenik, GOAZEN egitasmoaren baitan landutako glosategi terminologikoak eta bestelako terminologia-lanak, normalizatu eta zabaltzeko moduari dagokion lana dago. Helburu nagusia lan hori guztia Euskalterm Terminologia Banku Publikoan integratzea da, herritar nahiz enpresek eskura izan dezagun.

Esan bezala gaurko ekimen hau alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko prestatutako egitarauaren barruan kokatu beharra dago. Datorren udazkenean, halaber, alor honi lotutako ekimen gehiagoren berri emango da.