Enpresentzako sare sozialak

Enpresa moduan zalantza eduki dezakegu ea sare sozialetan egon behar dugun ala ez. Hau enpresa bakoitzaren erabakia da, baina gure iritzia baiezkoa da: bezeroak han badaude, geuk ere egon behar dugu. Hori bai, beti kontuz eta ondo aztertuta zein izan behar duen gure estrategiak.

Web soziala era ezberdinetan erabil dezakegu:

  • Gai batean aditu gisa jarduteko.
  • Gure arloko gaietan ondo mugitzen den jendea bilatzeko.
  • Gure bezeroei mezuak bidaltzeko (gure web tradizionaletik, baita sare sozialetik ere).
  • Bezeroekin hitz egiteko tresna baliagarria da.
  • Barneko lankidetza, jakiteko besteak zer egiten ari diren.

Publizitatea gaur egun

Publizitatea aldatzen ari da: orain gutxi arte enpresek ez zuten feedback-ik bilatzen, mezua bidaltzen zuten, besterik ez (ez zuten erantzunik espero).

Gero eta gehiago gertatzen da, ordea, mezua bidaltzea eta enpresak bezeroen komentarioak entzuteko prest egotea. Kasu horretan, enpresek erantzun egiten dute, eta hobeto posizionatzen dira.

Erresuma Batuan Internet da publizitatea egiteko gehien gastatzen den euskarria. Espainian, berriz, honako hurrenkera dago: TB, prentsa eta, azkenik, Internet dago, baina gauzak aldatzen ari dira.

Kontsumitzaileek gero eta gutxiago sinesten dute ohiko publizitatean.

Enpresa gisa Googlen egon behar dugu

Egoera ondo definitzen duen esaldi bat dago: "You're nobody unless your name Googles well", hots, gaur egun Googlen egon behar dugu norbait izateko. Googlek ez bagaitu ondo indexatzen, ez gaude Interneten.

Zenbat eta leku gehiagotan egon, orduan eta hobeto ezagutuko gaitu Googlek.