IMH Sariak 24. edizioa (2026)

 

2026ko ekainaren 11n ospatu dugu Lanbide Heziketako Graduazio ekitaldia eta harekin batera  24. IMH SARIAK banatu ditugu.

Ekitaldian gurekin izan ditugu Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea, Nicolas Sagarzazu Lanbide Heziketako Plangintza Zuzendaria, Josu Riezu AFM Clusterreko pertsonen arloko zuzendaria, eta Alaitz Bastida, IMHko lanbide heziketako zuzendaria.

Ikasle ohi aipagarria

Ekintzailetzari bideratutako ibilbide profesional eredugarriagatik. Egoera konplexuetan ausardiaz aurre egiteko gaitasuna, lanaren esfortzua eta dedikazioa jarri ditugu balioan.

Arturo Andrade eskultorearen Elgoibarko arkuaren eskultura eta Elgoibarko jatetxe batean dastatzeko menua bi lagunentzat jaso du. Nicolas Sagarzazuk IMH LHIIko zuzendariak eman dio saria.

 

Gorka Garate Rodrigo.

Elgoibartarra (1980), MAGAR SISTEMAS (Elgoibar) enpresako gerentea, diseinatzailea, komertziala, erosketa arduraduna… Denetik egin behar izaten du.

Gorkak batxilergoa amaitzean Diseinua ikasteko asmoa zuen, baina azkenean Mekatronikako bidea hartu zuen IMHn. Ondoren, goi-mailako titulu gehiago lortzeko grinez, Berrikuntza Ingeniaritza Duala ikasi zuen.

MAGAR SISTEMAS Javier Garatek sortu zuen 1994an eta 2000 urtean sartu zen Gorka aitaren enpresan, Ingeniaritza ikasketetako enpresa-dualean. 2008ko krisia etorri zenean aldaketak egon ziren eta Etxe-Tarren bulego teknikoan postu bat eskaintzen zutenez bertan hasi zen lanean. Etxe-Tar "master" bat izan zen Gorkarentzat, aukera eman baitzioten utillajeak, karenatuak, kabezalak etab. diseinatzeko.

2015ean MAGAR-era bueltatu zen. Besteak beste robot-zelulak egiten dituzte, trazabilitate sistemak, markajeak laserrarekin, entsegu-makinak eta mekanizazio makina txikiak, teknologia berriak aplikatuz (automatitzazioak, ikusmen artifiziala...).

Gaur egun bi lankidek osatzen dute MAGAR: Gorkak berak eta Igor Iriondok. Igor IMHko mekatronikako ikasle ohia da eta IMH Sarietan ikasle aipagarria eta Elgoibartar aipagarria sariak jaso zituen. Gorkak ez zekien Igorrek sari horiek jaso zituenik. Biek dute zaletasun bera, mendiko motorra, eta Gorkak aspalditik ezagutzen du Igor. Beti gustatu izan zaio hark mendian erakusten duen jarrera eta horregatik eskaini zion MAGARren lan egitea.

Izan ere, Gorkarentzat jarrera balio garrantzitsua da. Berak dioenez, ez zen oso ikasle ona, baina lanari esker, orduak sartzeari esker lortu zuen ikasketak aurrera ateratzea. Horregatik azpimarratu du jarrera, eta bertaratu diren ikasleei esan die ausartak izateko, ez konformatzeko lortzen duten lehen lanarekin, prest egoteko aldatzeko. Egungo gazteei ere etiketak jartzen zaizkie baina Gorkaren ustez etiketak puskatzeko daude eta berak argi dauka gaur egungo gazteak, lehengoak bezala, ekintzaileak direla, langileak, jarrera izan behar dute, besterik ez.

 

Ikasle aipagarria, espezializazioan

Aurtengo Lanbide Heziketako espezializazioko ikasle aipagarria Unai Aizpurua Juaristi zarauztarra izan da.

Unaik Fabrikazio Aditiboko espezializazioa egin du IMHn, eta duala CEIT zentroan garatu du. Etorkizunari begira, bere enpresa-proiektua martxan jartzeko lehen pausoak ematen hasi da jada, Ekingune eta Urratsbat programen bidez.

Bere proiektuaren helburua da deskatalogatutako piezak diseinatu eta fabrikatzea, baita ordenagailuetako xagu pertsonalizatuak egitea ere.

Diploma eta 300 euroko Txankakua merkataritza elkarteko bonoak jaso ditu opari. Saria Josu Riezu AFM Clusterreko pertsonen arloko zuzendariak eman dio.

 

Ikasle aipagarria, goi mailan

Aurtengo Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle aipagarria Aitzol Arancibia Irastorza zestoarra izan da.

Aitzolek Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasi du IMHn. Duala Hernaniko Mitxelena enpresan egin du, eta bertan lanean jarraituko du.

Diploma eta 300 euroko Txankakua merkataritza elkarteko bonoak jaso ditu opari. Saria Alaitz Bastida IMHko Lanbide Heziketako zuzendariak eman dio.

 

Ikasle aipagarria, erdi mailan

Erdi Mailako Heziketa Zikloen aldetik, aurtengo ikasle aipagarria Eriete Zubizarreta Goenaga azkoitiarra izan da.

Erietek Mekanizazio zikloa ikasi du IMHn eta Erasmus praktikak Kroazian egin ditu. Aurrera begira, Goi Mailako Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasten jarraitzeko asmoa du.

Diploma eta 300 euroko Txankakua merkataritza elkarteko bonoak jaso ditu opari. Saria Imanol Iturria zuzendarikideak eman dio.

 

Ikasle elgoibartar aipagarria

Aurtengo ikasle elgoibartar aipagarria Iker Benito Astigarraga izan da.

Ikerrek Elkarlaneko Robotika espezializazioa ikasi du IMHn, aurretik Mantentze-lan Elektromekanikoa eta Mekatronika Industriala egin ondoren. Duala DICAR enpresan egin du, eta bertan lanean jarraitzen du.

Bitxikeria gisa, 2023an ere ikasle elgoibartar aipagarri izendatu zuten, Ibai Arandiarekin batera.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eman dio Elgoibarko Udalaren oroigarria. Diploma eta 150 euroko Txankakua bonoak ere jaso ditu.

 

Enpresako jarraipen koaderno aipagarria

Aurten ere, dualean ikasleek enpresan garatzen duten jarduerari buruz egindako deskribapen-txosten onenak saritu nahi izan ditugu. Bi sari banatu dira: bat Erdi Mailan eta bestea Goi Mailan.

Sariak Jon Egaña Dualeko koordinatzaileak eman ditu, eta saritu bakoitzak 100 euroko Txankakua bonoak jaso ditu.

Erdi Maila

Doha Saoune Hachmi soraluzetarra izan da saritua. Mantentze-lan Elektromekanikoko Erdi Mailako zikloa egin du eta dual orokorra EGASCA enpresan garatu du. Aurrera begira, Robotika ikasten jarraitzeko asmoa du, eta etorkizunean unibertsitate ikasketekin jarraitzeko asmoa ere badu.

Goi Maila

Cristian Correa Ortega azkoitiarra izan da Goi Mailako jarraipen koaderno aipagarriaren saritua. Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasi du, dual orokorra IBARMIA enpresan egin du eta bertan lanean jarraituko du.

 

Balioen saria

Aurten ere, KORTA S.A. enpresak babestuta, Lanaren esfortzuaren balioaren saria banatu dugu.

Sari honen bidez, batetik SpainSkills lehiaketan parte hartu duen ikaslea eta, bestetik, STEAM bokazio teknologikoak sustatzeko ekintzetan inplikatu diren ikasleak aitortu nahi izan ditugu.

Saritu diren balioak argiak izan dira: inplikazioa, konpromisoa, ahalegina, erresilientzia eta tutorearekin elkarlanean helburu komuna lortzeko erakutsitako jarrera.

Ikasle bakoitzak 150 euroko saria jaso du, eta sariak beraien tutoreek eman dituzte: Oinatz Gurtubay eta Aintzane Azumendi.

Sarituak honako hauek izan dira:

  • Jara Rico Morales, mendaroarra, Fabrikazioko Espezializazioko ikaslea. Aurretik Mekanizazioa eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa egin ditu, duala FOCS enpresan garatu du eta EuskoSkills lehiaketan urrezko domina lortu zuen CNC fresatzeko proban.
  • Doha Saoune Hachmi, soraluzetarra, Mantentze-lan Elektromekanikoko Erdi Mailako ikaslea, STEAM jardueretan egindako ekarpenagatik.
  • Mónica Herrera Arteaga, elgoibartarra, Mantentze-lan Elektromekanikoko Erdi Mailako ikaslea, STEAM jardueretan egindako ekarpenagatik.

 

IMH Campuseko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak biziki eskertu nahi du 24 IMHSARIEN enpresa BABESLE eta KOLABORATZAILEEN parte hartzea, zuei esker egin ahal izan baitugu aurtengo Sari banaketa bikaina!

 

 

Enpresa babesleak 

DANOBATGROUP, HOFFMANN GROUP, KORTA S.A., MYL SPINDLES, WORKINN TALENT HUB FOR INDUSTRY

Enpresa kolaboratzaileak: