Zorionak ingeniari berriei eta eskertza dualaren aitzindariei

2015/01/16 00:00:00 GMT+1
Elgoibarko IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolako 16. promozioak diplomak jaso zituen atzo. Ekitaldian esker ona adierazi zitzaien 19 urtetan Frantziako CESIri atxikituta egindako ibilibidean Ingeniaritza Dualaren bilakaeran parte hartu duten guztiei.

Ekitaldiko argazkiak...

Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuarentzat mugarri berezia izan da 2015eko urtarrilaren 15a; hain zuzen 1996an Frantziako École d'Ingenieurs CESIrekin elkarlanean hasi zuen IMHko Ingeniaritza Dualaren azkenenengo promozioak jasoko baititu diplomak.

2011an IMH UPV/EHUra atxikitu zenetik, 2012tik aurrera Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolako ikasleek Prozesu eta Produktu Berrikuntzan Ingeniaritza Gradua ikasten dute, Espainiako alternantzia ereduko lehen gradu homologatua izanik.

Hori dela eta IMHk esker ona adierazi nahi izan du 19 urte hauetan Ingeniaritza Dualaren Eskolaren sorrera eta bilakaeran parte hartu duten guztiei. Horren seinale, diploma ekitaldian aitzindari izan ziren erakunde zein pertsonei aitorpena egin zaie, besteak beste CESI Groupe taldeari, CTI - Frantziako Titulu ofizialak ematen dituen erakundeari eta IMHko Ingeniatza Dualaren lehen zuzendariari.

Ekitaldian ikasle, guraso, irakasle, enpresa tutore eta lehen promozioko ikasleekin batera Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak, Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateetako Sailburuordeak, Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Diputatuak eta Frantziako CESI GROUPEko Isabelle Caradot eta Daniel Alfonsok eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek parte hartu dute.