Zine-forum arrakastatsua

2011/03/25 00:00:00 GMT+1
Elgoibarko industriaren garapenaren hainbat protagonista eta lekuko izan ziren bertan

 

Joan zen asteazkenean, martxoak 23, Makina Erremintaren museoko I. Zine-foruma egin zen. Ekitaldi honetan "Makina Erremintaren gaurkotasuna" pelikula ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. Hau, 1966. urteko pelikula dokumentala da, garai hartan Elgoibar eta inguruko herrietako makina erremintaren industriaren egoera azaltzen duena.

Emanaldiaren ondoren mahai inguru bat izan zen, bertan lanbide heziketaren garrantzia, bilakaera eta inguruko industriarekin izan duen loturari buruz hitz egin zelarik. Saio honetan Joxean Egaña, Luis Mª Iriondo, Manuel Zabala eta Julen Zabaleta izan ziren, Jesus Bilbaok zuzendurik.

Asmoa zine-foruma makina erremintaren museoan egitea zen, baina izen ematea ikusita IMHko areto nagusian egitea pentsatu zen, toki arazoak ekiditeko. Hala ere, topalekua museoa izan zen, eta bertaratu zirenek martxan ikusi ahal izan zituzten bertako makinak.

Guztira 50 pertsona baina gehiago izan ziren emanaldian, haien artean Elgoibarko alkatea, AFMko 3 zuzendari ohi eta herriko eta inguruko enpresetako hainbat teknikari eta zuzendari ohi.

Zine-forum hau Elgoibarko udala IMH eta Mekarekin batera aurrera eramaten ari den Elgoibarko Lanbide Heziketaren II. astearen ekitaldietako bat da.

Geure herrietako ondarea gordetzea zein garrantzitsua den jakinik, IMHk gonbidapen bat luzatu nahi die Elgoibarko industrian lan egin duten herritarrei, beraien istorio eta esperientziak kontatzeko. Horretarako, hilean behin etortzeko prest dauden hainbat pertsona konbokatuko dira IMHn, beraien bizipenak jasotzeko. Saio hauetan parte hartu nahiko bazenu, deitu IMHra 943744132 telefonora, eta galdetu Edurne Bilbaorengatik.