VIRTUAL FAD proiektuaren amaiera: eduki murgiltzaileak garatuz, fabrikazio aurreratuan sakontzeko

2025/06/26 16:36:00 GMT+2
IMH Campusek parte hartu duen proiektu honek, ikaskuntza-esperientzia berritzaileak sortzea izan du helburu, enpresen eta ikasleen arteko zubi gisa jardunez.

2024ko ekainean amaitu dugu VIRTUAL FAD proiektua, IMH Campusek parte hartu duen ekimen estrategikoa, fabrikazio aurreratu eta digitalaren sektorean ikaskuntza esperientzia berritzaileak sortzeko helburua izan duena.

Proiektuaren bidez, eduki murgiltzaileak sortzeko tresnak aztertu eta ebaluatu ditugu, gure irakasleen prestakuntza maila eta beharretara egokituz. Horri esker, edukiak garatzeko metodologia propioa diseinatu dugu, kanpoko hornitzaileen mendekotasuna murriztuz eta eduki digital eta malguak sortzeko autonomia handituz.

Eduki hauek 3D betaurrekoekin edo pantailadun gailuekin (ordenagailuak, tabletak, mugikorrak) erabil daitezke, eta ikasgelan zein lantokietan integratzeko pentsatu dira.

Hurrengo ikasturteari begira, gure helburua da eduki murgiltzaile horiek ikasleen prestakuntza-prozesuan modu naturalean txertatzea eta irakasleen eta ikasleen artean edukiaren sorkuntza partekatua sustatzea. Helburua da enpresetan eguneroko erronketarako konponbide errealak sortzen jarraitzea.