Prestakuntza Iraunkorra euskaraz sustatzeko kanpaina

2010/05/17 23:00:00 GMT+1
Elgoibarko IMHk enpresek langileentzat antolatzen dituzten eskaripeko ikastaroak euskaraz ere izateko ekimena aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta Ahize-AEKrekin batera

 

IMHk 2 prentsaurre eman zituen maiatzaren 18an, Donostian eta Elgoibarren. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen Areto Nagusian parte hartu zuten Estibaliz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak, Mikel Urdangarin Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren teknikariak, eta Joxean Egaña eta Edurne Bilbao, azken biak Makina Erremintaren Institutuko (IMH) Zuzendari eta Komunikazio arduradun direnak. Arratsaldez Elgoibarren aurkeztu zen ekimena, Udaletxeko eta IMHko arduradunen eskutik.

Estibaliz Alkorta eta Alfredo Etxeberriaren sarreren ondoren, Joxean Egañak IMH aurkeztu zuen eta azaldu zuen nola merkatu berri bat eratzen ari den prestakuntza iraunkorrari dagokionean, dagoeneko badela euskalduna den langile masa bat – esaterako IMHn azken 10 urteetan zikloak ikasi dituzten langileak, 2006tik hona txandakako ingeniaritza ikasi dutenak eta etengabe birziklatzera etortzen diren langile euskaldunak, 3.500 inguru estimatuta – bere gaitasunak eta ezagutza euskaraz birziklatzeko gai izango lirakeeenak. IMHk merkatu hau suspertu nahi du eta erantzun egokia eman, ikastaro teknikoak euskaraz ere eskainiz, bereziki enpresei zuzenean, eskaripeko eskaintzaren bidez eta baita enpresa eta pertsonei ere urteroko ikastaroen programazioan azaltzen diren ikastaroen bidez.

IMHk urte hauetan iraunkorrari dagokionean material teknikoa prestatu du (20 eskuliburuen itzulpena), irakasle taldea euskaraz emateko trebatu du eta azken bost urteetan iraunkorreko programazio berrien zabalkundean euskaraz ikasteko aukera dela adierazi du. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Elgoibarko Udalaren laguntza izan ditu (itzulpenak, zabalkundea, trebatzea). Emaitza positiboak izan badira ere - 2004etik 2009ra bitartean urteetan guztira 22 ikastaro programatu eman dira (12 Garatu Hezkuntza Sailaren irakasleen prestakuntzarako, 6 enpresei eskaripean eta 4 katalogoan programatuta), esaterako, Fagor zenbakizko kontrolaren programazioa, Hidraulika, Kableatu elektrikoak, Automatismo hidraulikoak, Perdoiak, eta Bulegotika (katalogo, eskaripean eta Garatu irakasleen prestakuntzan), apalak dira IMHren bolumen osoarekin gonbaratzen bada (%3, langileen prestakuntzan IMHn 2010ean 11.500 ordu, hauetatik 322 euskaraz).

Beraz merkatu berria suspertzeko merkatu ikerketa bat egin zuen IMHk Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin 2008-2009 urteetan eta Ahize-AEKrekin elkarlanean, sektoreko langileen profila ezagutzeko eta beraiengana nola hurbildu jakiteko. Landa-lana EHUren Gizarte-Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakasle talde batek egin zuen eta Vals sistema erabili zuen, horretarako azpikontratatu genuen erakundea, eta gure galdera propioak atxikitu genizkion galdetegiari, prestakuntza iraunkorra euskaraz jasotzeko inguruan egin zirenak. Galdera gure ikasle ohi eta LHIko ikasleei egin genien eta ikerketan laguntzeko prest azaldu ziren 5 enpresetako langile talde bati.

Prentsaurrean Mikel Urdangarinek azaldu zituen merkatu ikerketaren emaitzak: EHUko Daniel Hermosillaren taldeak euskararen erabilera aztertu zuen Vals metodologiaren bidez merkatuan ematen den kontsumo jarrera ezagutzeko (orain arte sekula ez da egin hau EAEan). 356 pertsonen erantzun zuten. Euskaraz ikasteko prest daude baldin eta enpresak babesten badu. Hauen profila: gizonezkoa, gaztea, alfabetatua (laginaren %40k EGA du eta %55k D ereduan ikasi du), bulego teknikoa, produkzioa edo mantentzean aritzen da lanean eta berritzailea eta eraldatzailea da. Hauen iritziz gai teknikoak euskaraz ikasteko aukera gutxi dago, eta, aukera izanez gero, %84k baliatuko luke. Ikasteko lehentasuneko arloak: Diseinua, Fabrikazioa, Mantentzea, Kalitatea, Informatika, Antolamendua eta Metrologia lirateke.

Mikel Urdangarinen ondoren Edurne Bilbaok kanpainaren berri eman zuen: IMHk euskarazko prestakuntza eta zerbitzuen katalogoa landu du. Hemen 52 ikastaro tekniko eskaintzen dira Diseinu, Fabrikazio, Muntaia, Metrologia eta Informatika arlokoak eta giza baliabideei buruzko beste 22 eskaintzen dira trebetasun pertsonala, taldeetan aplikatzekoak, laguntza ematekoak eta giza baliabideetan aplikatzekoak direnak. Guztiak enpresek eskaripean egin ahal izateko. Horrez gain, eta pertsonen kudeaketaren inguruko zerbitzuetan (IMHko Incress atala) pertsonen trebakuntzarako 17 aukera eskaintzen dira Erakundeen Dinamizazioa, Berrikuntza Agenda, Gaitasunetan oinarritutako kudeaketa, Gaitasun softwarea eta Pertsonalaren aukeraketa egiteko. eta bai enpresei eta iraunkorreko ikasleei bidaliko zaiela. Ekintza berezia egingo da euskara plana duten enpresekin, eta jarraipena egingo zaio kanpainari. Eta amaitzeko urrian, IMHk urtero antolatzen duen 30+10 hizkuntza-kudeaketa enpresan mintegian ezagutaraziko dira kanpainaren emaitzak.

Bestalde, Edurne Bilbaok gaineratu zuen, orain arte jasotako datuek adierazi digutenez euskarazko prestakuntza-iraunkorraren eskaintza egituratu gabe dagoela, hau da, euskal inguruetako Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoek eskolak ahoz euskaraz ematen badute ere, materiala ez dago euskaraz prestatuta gehienetan eta ikasle taldean pertsona bakarra baldin bada euskaraz ulertzen ez duena, automatikoki ikastaroa gaztelaniaz ematen da. Gipuzkoari dagokionean galdetu ditugun Gipuzkoako 18 ikastetxeetatik orain arte 3k programatu izan dute ikastaro bakarren bat proba egiteko. Gehienetan irakasleak eta ikasleak euskaldunak direnean eta ados jartzen badira, orduan ematen dute euskaraz baina kasu honetan ere gehienetan materiala gaztelaniaz ematen da.

Aurrera begira IMH egiten ari dena beste ikastetxeekin konpartitu nahi du, besteek egiten dutena ezagutu eta topagune bat sortu, guztion artean Prestakuntza iraunkor teknikoa euskaraz eskaintzeko urtero kanpaina bateratu bat egiteko. Usten dugu ekintza honek oihartzun handiagoa izango lukeela. Enpresek honela hornitzaile sare bat aurkituko lukete, prestakuntza euskaraz jasotzeko.

Ikastetxeekin sare bat sortzeaz gain, enpresekin ere esku-hartze bateratu bat egin daiteke, hauen prestakuntza teknikoaren behar bateratua jorratu eta soluziobideak emateko. Adibidez, Jaurlaritzak eskaintzen duen Bikain ebaluazioaren lehen promozioan, enpresa gehienek baxu ematen zuten trebatze teknikoa euskaraz egiten zuten galdetzen zenean. Bikainek eta Euskaraz Bai ziurtagiriek egiten dituzten ebaluazioetan enpresetako langileen trebakuntza euskaraz izatea ere baloratzen dute, eta beraz enpresek, hobekuntzaren bidea egin nahi badute, alderdi hau lantzeko aukera ere eman diezaiekegu.