Miramon Enpresa Digitala: Software eta aplikazio informatikoak alokatzeko zerbitzuak

2005/04/11 23:00:00 GMT+1
Autonomoentzat eta mikroenpresentzat antolatutako mintegia: apirilaren 14an, 18:00etan Elgoibarko IMHn.

Miramon digitala...

Honekin, Elgoibarren sei mintegi antolatu ditugu dagoeneko. Oraingo honetan, software eta informatika aplikazioen alokairuko zerbitzuak gaia aukeratu dugu. Formula horrek teknologiaren etengabeko aurrerakuntzek eragindako arazoak modu eragingarrian eta errentagarrian gainditzea ahalbidetzen du; izan ere, berrikuntza horiek direla eta, hainbat inbertsio zaharkituta geratzen da berehala. Alokairua programak erosteagatik kostu finkoetan ez erortzea ahalbidetzen duen formula alternatiboa da, eta era berean, ez dago instalazioaz eta mantenuaz arduratu beharrik. Abantailen artean, nabarmendu beharrekoa da autonomoek eta mikroenpresek zerbitzu mota hau kontratatzearen truke diru-laguntzak eskura ditzaketela.

Beste aldietan bezalaxe, mintegia doakoa da. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago izan nahi dutenek 902 252 595 telefono-zenbakira dei dezakete, edo mezua bidali cursos@miramondigital.com helbidera.

Bestalde, jardunaldietan egondako guztiek SPRI eta Enpresa Digitalak argitaratutako Gida Teknologikoen Bildumaren lehen alea jasoko dute. Horretaz gain, hurrengo zenbakiak jasotako aukera ere izango dute. Bildumaren lehenengo izenburua "Zer egin informatika-birusen aurka" da.

Miramon Enpresa Digitalak Elgoibarren eskainiko duen mintegien zikloa beste bi saiorekin osatuko da. Honakoekin: finantza-entitateetako eragiketak on line egiteko modua (maiatzaren 19an); eta merkataritza elektronikoko sistemak ezartzeko modua (ekainaren 16an).

Mintegi-ziklo hau eGipuzkoa 2005 ekintza-planaren eta Euskadi Informazioaren Gizartean planaren —hurrenez hurren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutakoen— baitan kokatzen da, izan ere, horien helburu da, beste hainbaten artean, Gipuzkoa lurralde aurreratua izatea enpresak informazioaren gizartean sartzeari dagokionez, konektatzeko aukerak eta merkataritza elektronikoa garatzearen bidez, hain zuzen ere. Helburu horretan sakontzeko, hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Miramon Enpresa Digitalaren bidez, beren ohiko jardun-eremutik, Donostiako Parke Teknologikoan gauzatzen denetik, harantzago joan eta beren prestakuntza-lana zabaltzearen aldeko apustua egin dute ikasturte honetan. Horretarako, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako mintegiak antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan.

Enpresa Digitala Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da eta honakoak ditu helburu nagusi: enpresaren barneko eragileak sentsibilizatzea eta prestatzea, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzea lehiarako zein garrantzitsua den ohar daitezen, eta informazioaren gizarterako bidean aurrera egitea. Horrezaz gain, sarean negozio berriak garatzen laguntzea, ekonomia berriko profesionalei gaikuntza eta laguntza eskainiz.