Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren bisita

2013/11/14 01:00:00 GMT+2
Herritarrekin Herrira ekimena dela eta Elgoibarko bisitaren barruan, IMHko Ingeniaritza Dualeko ikasleekin eta zuzendaritza taldearekin aritu da solasean, kezkak eta proposamenak partekatzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten abiatu duen "Herritarrekin Herrira" (*) proiektuko hitzordua egokitu zaio gaur Elgoibarri. Hau dela eta eguerdian Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Makina Erremintaren Institutuan izan da, Jon Peli Uriguen Berrikuntza Diputatuarekin, Elgoibarko Alkate eta Elgoibarko Udaleko ordezkaritza batekin.

IMHko Ingeniaritza Dualeko Unibertsitate Eskolako lehen eta bigarren mailako ikasleekin solasaldi interesgarria sortu da; ingeniaritza dualeko ikasleak aldi berean duten prestakuntzaren ezaugarria langile izatea dela kontuan hartuta, egungo egoeraren aurrean lan eta prestakuntzaren munduko kezken inguruan galdetu eta proposatutakoei erantzun eta gogoeta egiten jardun dute ikasleekin Diputatu nagusiak, berrikuntzakoak, alkateak eta IMHko zuzendariak. Azkenik, zuzendaritza eta langile talde batekin amaitu du eguerdiko solasaldia.

(*) Herritarrekin Herrira: Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan "Herritarrekin zuzeneko hartu-emana behar dela sinetsita gaudenez, Gipuzkoako herrietara egun osoko bisitak egiten hasi gara. Askotan izan gara Gipuzkoako hainbat eta hainbat herritan, baina ekimen honen helburua ez da gertaera edo proiektu bat dagoelako herri batera joatea, alegia, ez goaz inaugurazio batera, elkarretaratze batera edo dena delakora, baizik eta herriko errealitatea zuzen-zuzenean ezagutzera eta herriko udal ordezkariekin, eragileekin eta herritarrekin harreman zuzena izatera”. Harremanetarako: info[abildua]gipuzkoaherritarrekin.net / @Herritarrekin twitterren.