LCAMP 2025 Suediako Networking Camp topaketa

2025/05/30 10:13:05 GMT+2
IMHko irakasleak Suedian izan dira LCAMP 2025 Networking Camp ekitaldian

IMH Lanbide Heziketako ikastetxeko bi irakaslek parte hartu dute maiatzaren 13tik 15era Suediako Finspång hirian ospatu den LCAMP 2025 Networking Camp ekitaldian. Topaketa Curt Nicolin Gymnasiet zentroan egin da, eta fabrikazio aurreratuan eta hezkuntza-berrikuntzan interesa duten lanbide heziketako profesionalak bildu ditu Europa osotik.

Hiru eguneko egitarauan tailerrak, enpresa-bisitak eta hezkuntza-sistemaren inguruko esperientzien trukeak izan dira ardatz:

  • Lehen egunean, parte-hartzaileek Learning Factories, Digital Twins eta Mobility Projects gaiak landu dituzte tailer praktikoen bidez.
  • Bigarren egunean, Siemens Energy, Visualisation Center eta KL-Industri bezalako enpresak bisitatu dituzte, fabrikazio aurreratuaren adibide errealak ezagutzeko aukera paregabea izanik.
  • Azken egunean, tokiko hezkuntza-zentro bat bisitatu dute, Suediako lanbide heziketa-sistemaren antolaketa eta erronkak bertatik bertara ezagutzeko.

Ekitaldia LCAMP (Learner Centric Advanced Manufacturing Platform) proiektuaren baitan antolatu da, eta bere helburua da lanbide heziketako bikaintasun-zentroen arteko lankidetza sustatzea eta fabrikazio aurreratuko gaitasunetan oinarritutako prestakuntza berritzaileak garatzea.

IMHko irakasleek esperientzia oso aberasgarria izan dute, bai profesional mailan bai nazioarteko harremanak sendotzeko ikuspegitik. Jasotako ezagutzak eta harremanak baliatuz, gure ikastetxeko ikasleei eta irakasleei etorkizuneko lankidetza-aukera berriak eskaini nahi dizkiegu.

Informazio gehiago: LCAMP 2025 Conference