Larraitz Uranga Madrilerako Skillsak prestatzen

2011/02/14 01:00:00 GMT+2
Euskoskills CNC fresatzeko proben urrezko dominaren irabazlea estatu mailako apirileko probak prestatzen dihardu

Fabrikazio mekanikoko Produkzioaren Programazioko goi-mailako heziketa zikloa ikasten ari da Azkoitiko Larraitz Uranga Elgoibarko IMHn. Ikasi eta lan programarekin sartu zen eta bi urtetan goizez ikasten eta arratsaldez enpresan lanean jardun du. Krisiaren eraginez hirugarren urtea enpresan ezin jarraitu eta IMHko lantegian ari da praktikak egiten, prestakuntza amaitzeko.

Euskoskillseko CNC fresatzeko proban urrezko domina pozik jaso zuen eta orain Madrilen du hurrengo erronka. Apirilaren 4tik 7ra bitartean izango da Spainskills fasea, lau egun trinko, dudarik gabe, 20 urteko gure Larraskandako gaztearentzat. “Gogoa eta ilusioa dut Madrilera joateko eta ea zer lortzen dudan jakiteko. Euskoskills esperientzia interesgarria izan da, asko ikastea ahalbideratu gaituena”.

Madrilekoa gaindituz gero Londresen burutuko diren Worldskillsera joateko aukera izango du, eta bigarren amaituz gero, Euroskillsera.

Zorte on Larraitz eta eutsi goiari!