Janire Iriarte, fabrikazioko ikaslea eta "El konkis"eko lehiakidea

2025/07/09 12:46:00 GMT+2
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko ikasketak amaituta, Diploma banaketa ekitaldian DUALA egin duen enpresan lanean jarraituko duela esan zigun. Zoriondu genuen eta bere esperientziaren berri emateko eskatu genion, Jara Ricorekin egin dugun bezala.

Zergatik aukeratu zenuen Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikastea? Zergatik IMHn? Zer da gehien gustatu zaizuna ikasketen aldetik?

Motzean esanda IMH aukeratu nuen daukan ospeagatik eta eskaintzen dituen baliabide onengatik. Horrez gain, nire bikotekideak bertan ikasi zuen, eta gertutik ezagutzen zuenez, gomendatu zidan bertan egitea ikasketak.

Janire1.jpg
Ikasketen aldetik gehien gustatu zaidana da beti zerbait berria ikasten ari zarela sentitzea. Argi geratzen zaigu bizitza osoan ikasten jarraituko dugula, eta mundu hau hain zabala denez, ez dago aspertzeko astirik. Egunez egun zerbait berria deskubritzen duzu, eta hori motibagarria da oso.

Zer nabarmenduko zenuke ikasketa dualetik? Nolakoa izan da esperientzia Arrieta enpresan? Hemendik aurrera, zein dira zure asmoak?

DUAL esperientziatik nabarmenduko nuke aukera paregabea dela ikasketak eta lana uztartzeko. Enpresan zaudenean planteatzen dizkizuten erronkak benetakoak dira: ez dago txantxarik, errealitatearekin aurrez aurre jartzen zara. Horrela, teoriaren eta praktikaren arteko konparaketa zuzena egiteko aukera duzu, eta hori ezinbestekoa da benetako ikaskuntza lortzeko.

Gainera, abantaila handia da zikloa amaitzerakoan jada mundu laboralera egokituta egotea. ARRIETA enpresan izandako esperientzia oso ona izan da. Poliki-poliki hasi nintzen kalitatearen arloko lanetan, eta egunez egun gero eta gehiago murgiltzen joan naiz. Kontziente naiz asko dudala oraindik ikasteko, eta horixe da motibazioa ematen didana. Zorionez, irakasle onak izan ditut eta oraindik ere baditut. Eta orain, zikloa amaituta, Arrieta enpresan jarraituko dut lanean.



Zikloan nagusiki mutilak dira. Nola bizi izan duzu egoera hori? Zergatik gomendatuko zenioke beste neska bati ziklo hau ikaskea?

Zoragarri sentitu naiz. Oso giro ona egon da beti, barre asko egin dugu elkarrekin eta ikasteaz gain, oso gustura egon naiz. Egia esanda, faltan botako ditut.

Neska bati —edo edonori— gomendatuko nioke ziklo hau egitea, asko ikasten delako eta lan munduan aukera asko eskaintzen dituelako. Askotan sektore hau "maskulino" gisa ikusten da, eta beldurra sortzen du sektorean ez duzula "enkajatuko" pentsatzeak. Baina nik esango nioke horrelako pentsamoldeak gainditu egin behar direla. Jara Rico Euskoskills txapelketako urrezko dominarekin da horren adibide garbia: sektore honetan ere emakumeok gaitasun handiak eta balio handia dugula erakusten du.

EITBko "El Conquistador del Fin del Mundo" telebista saioan parte hartu zenuen. Zer atera zenuen esperientzia hartatik?

Esperientzia surrealista eta gogorra izan zen. Bizitzan inoiz baino okerrago pasa nuen une batzuetan, baina, era berean, asko gozatu nuen. Sentitzen zenuen beste mundu batean zeundela, eta momentu horretan horixe zela zure errealitate bakarra.

Fisikoki eta mentalki erronka handia izan zen: bizitzako momenturik zailenak bizi izan nituen, baina inoiz ez zitzaidan burutik pasa “toaila botatzea”. Hor konturatzen zara benetan zein indartsua izan zaitezkeen, eta gero, guztia gainditzean, sekulako satisfazioa sentitzen da. Gainera, auto-konfiantza handitzen dizu.

Puntu horretara iritsita, konturatzen zara etxean dituzun gauza arrunten balioaz: zure jendea, janaria, dutxa bero bat edo komun bat. Batzuetan ahaztu egiten zaigu zein zorionekoak garen horrelako gauzak eskura izateagatik. Esperientzia hori mimo handiz gordetzen dut, eta ahal dudanean ahalegintzen naiz bizitakoa gogoratzen, egunerokotasunean balioak ez galtzeko.


Mila esker, Janire zure bizipenak gurekin partekatzeagatik!  Industria eta metalaren mundua ere zurenagatu dituzu 💪 eta zureak moduko erreferenteak oso baliogarriak zaizkigu orain ikasten diharduten edo ogibidez aldatu nahi duten neska-emakumeentzat 👏