Ingeniaritzako ikasleen bizipenak: Jone Gómez

2024/02/27 23:49:00 GMT+2
"Nere ustez Berrikuntzako Ingeniaritzaren formatua ona da, zeren eta enpresan egun osoan murgilduta zaude, eta bestalde unibertsitatean ikasgai praktikoak egiten dituzu".
 
Jone Gomez
  • Debarra. 21 urte
  • Berrikuntza Ingeniaritza Duala
  • 4. mailako ikaslea

 

Joneri egindako elkarrizketa partekatzen dizuegu:

Berrikuntzako Ingeniaritza Graduaren azken urtean zaude, zergatik aukeratu zenuen Elgoibarko Ingeniaritza Dualaren Eskolan ikastea?

Batxilergoa amaitzean argi neukan teknologiari lotutako zerbait egin nahi nuela, ez nekien ze ingeniaritza egin, lanbide heziketaren aukerak ere begira ibili nintzen, eta praktikotasuna asko gustatzen zitzaidanez azkenean Ingeniaritza Duala ikastea erabaki nuen.

 

Nolako esperientzia izaten ari da?

Gustora nago Berrikuntzako Ingeniaritza Duala ikasten, hiru egun enpresan lan egiten ikasten eta bi eskolan unibertsitate ikasgaiak lantzen. Nere ustez formatu ona da, zeren eta enpresan egun osoan murgilduta zaude, eta bestalde unibertsitatean ikasgai praktikoak egiten dituzu.

 

Ze enpresatan ari zara garatzen zure profil profesionala? Ze proiektutan ari zara lanean?

Nire enpresa duala lehen bi urteetan mekanizazio-integralen soluzioa lantzen duen GMTK izan zen eta prozesu teknikari bezala jardun nuen, prozesuen hobekuntzan, batez ere muntai arloan. Nire Ikerketa Zientifiko Teknologikoa ere bertan garatu nuen.

Laugarren mailan doitasun handiko mekanizatuak lantzen duten Egile Mechanics enpresara aldatu naiz, antolaketa-teknikari bezala, eta nire Gradu Amaierako Lana garatzen dihardut, enbalaje-prozesuaren barne-logistika hobetzeko.

 

Lan esperientzia izateko aukera eman dizu eredu dualak. Berrikuntza proiektuetan lan egin duzu. Uste duzu zure amets profesionalak betetzeko lagungarri izango dela?

Enpresetan pasatzen dugun denbora oso ondo dago, errealitatea benetan bizi duzulako, eta ikasten ari zaren horretara nola egokitu daitekeen ikusten duzulako.

Nere kasuan denbora guztian hobekuntza-prozesuetan egon naizenez, horri esker etorkizuna nondik nora dijoan ikusi ahal izan dut, gehien zer gustatzen zaidan deskubritzen joan naiz, eta etorkizunari begira zertan jarraitu nahi dudan erabakitzeko balio izan dit.

 

Atzerriko lan egonaldia ere egin duzu

Italiako Bergamon egon nintzen GFM spa enpresan 5 ardatzeko tornu horizontal baten lehenengo probak eta mekanizatuak egiten eta CNC programak garatzen. Eta bertako kulturaz ere gozatzeko aukera izan dut. Oso esperientzia aberasgarria izan da betiko ohituretatik irtetzea eta lan egiteko modu berriak ezagutzeko.

 

Gradu hau ikastera animatuko zenuke norbait?

Nere egoeran daudenei gomendatuko nieke, ikasketa praktikoak egitea gustuko izan eta jarraitzen ikasteko gogoa dutenei.

 

Eskerrik asko Jone zure esperientzia partekatu izanagatik🤗

 

Berrikuntzako Ingeniaritzari buruz gehiago jakin nahi? Ikusi hemen