IMHk parte hartu du “Mantenimiento 4.0 para sistemas de transmisión industrial” proiektuan

2025/06/02 10:23:00 GMT+2

IMH LHII-k “Mantenimiento 4.0 para sistemas de transmisión industrial” proiektuan parte hartu du, hezkuntza eta industria mundua elkarlanean jartzen dituen ekimen berritzaile batean. Proiektua IES Vía de la Plata ikastetxeak (La Bañeza, León) lideratzen du, eta Espainiako Gobernuak finantzatutako ekimena da.

Ekimen honetan hainbat enpresa erreferente izan dira partaide: SMC, SKF eta ALECOP, besteak beste. Gasteizko SMC enpresak egin zigun parte hartzeko gonbidapena. SMCk mundu osorako maketa didaktikoak ekoizten ditu Gasteizko bere plantan, eta kasu honetan, transmisio sistemetan oinarritutako mantentze adimendunerako maketa bat garatu dute.

Industria eta hezkuntza uztartzen dituen proiektu honetan hiru ikastetxek hartu dute parte: IES Vía de la Plata (La Bañeza), Centro de Formación Somorrostro eta IMH LHII. Guretzat, proiektuan parte hartzea guztiz onuragarria izan da. Izan ere, maketa oso bat eta hainbat neurgailu digital eskuratu ditugu, eta horrek aukera emango digu transmisioen arloa modu praktiko eta berritzailean lantzeko mekatronikako ikasleekin.

Maketa hau gure ikasgelan integratuko dugu, mantentze prediktiboa, sentsorika eta datu-monitorizazioa bezalako edukiak ikasleei modu esanguratsuan irakasteko. Proiektu hau beste urrats bat da Industria 4.0 kontzeptuak Lanbide Heziketan txertatzeko bidean.

Eskerrak eman proiektu hau aurrera eramatea posible egin duten guztiei.