IMHk eta Elgoibarko Udalak goazen hitzarmena berritu dute

2012/05/08 23:00:00 GMT+1
IMHk euskararen erabilera bultzatzeko Goazen planaren 2011 urteko balantzea aurkeztu du publikoki eta Elgoibarko Udalarekin proiektua sustatzeko hitzarmena berritu du

 

  • IMHk euskararekiko duen konpromisoa Goazen planaren bidez gauzatzen du. 8 urte dihardu indarrean, 2003-2015 planarekin, eta urtetik urtera aurrera pausoak ematen doa, euskararen erabilera sustatuz, bai barrura begira (lanean) eta baita kanpora begira (prestakuntza eta zerbitzuetan).

  • Elgoibarko Udalak IMHri 2012rako 2.700 euro emango dizkio, Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko.

Ikusi aurkezpena gardenkietan...

2012ko maiatzaren 8an, Elgoibarko Udal Pleno Aretoan IMHren goazen planaren 2011 urteko balantzea aurkeztu zen. Ekitaldian parte hartu zuten Ane Beitia, Udal Euskara Batzorde Buruak, Joxean Egaña, Makina Erremintaren Institutuko Zuzendariak eta Edurne Bilbao, IMHko hizkuntza koordinatzaileak.

2012an Udalak eta IMHk sinatutako hitzarmenari esker Elgoibarko Udalak IMHri 2012rako 2.700 euro emango dizkio, Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko, non helburu nagusitzat dituen IMHn euskararen erabilera sustatzea eta Makina Erremintaren sektorean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko urratsak emanaz (30+10 mintegia, enpresei eskainitako prestakuntza eta zerbitzuak euskaraz aregotzea, proiektuak euskaraz sustatzea...).

IMHko arduradunek adierazi duten bezala, zortzi urteren ondoren euskararen presentzia IMHko prestakuntza eta zerbitzu guztietan nabaria da eta bermatuta dago, heziketa ziklo, txandakako ingeniaritza, prestakuntza iraunkorra, incress giza baliabideen aholkularitza, ekinberri proiektugintzan eta 2011an sortu zen Asmaola edo ETEentzako berrikuntza zerbitzuak besteak beste, bakoitza bere mailan.

Ahalegin hau erakundeen laguntza eta elkarlanari esker izan da, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hasieratik Elgoibarko Udalak urtero laguntzen baitu Goazen plana.

Orokorrean IMHk "nodo" izaera bultzatzen jarraituko du, enpresa eta pertsonekin elkarlanean biderkatzaile izateko euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ere.

2011ri dagokionean, elkarlan istituzionala zen helburu nagusia eta hala egin dugu: Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin eta Elgoibarko Udalarekin elkarlan hitzarmenak sinatu ditugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu berriarekin topaketak izan ditugu elkarrekin aurrera egiteko bideak aztertzeko. Guztia egoera ekonomikoa zail batean, diru laguntzen murrizketak medio.

Bestalde, euskararen ikuspegitik nodo izaera sustatzeko helburu nagusiari dagokionean IMHk eman dituen pausoak euskararen erabileran emaitza positiboak izan ditu:

Zerbitzu orduek gora egin dute (%35, iaztik 5 puntu gora), bezeroen demandak gora egin duelako, bereziki Incressen eta Asmaola prozesuetan, nahiz eta Lanbide Heziketa Iraunkorrean ez den hala izan, egoera ekonomikoa tarteko. Hain zuzen ere, emandako zerbitzu ordu orokorren kopuruak behera egin du (39.144tik 36.609ra), baina euskaraz izan direnak ordea gora egin dute (11.644tik 12.667ra), beraz euskaraz emandakoen igoerak isla nabarmenagoa izan du ehunekoetan.

Lan-hizkuntzari dagokionez, gora egin dugu bai orokorrean %51 (iaz %44,5) baita euskaldunen arteko erabileran %74 (iaz %60,5), baita ahozko erabilera orokorrean ere. Seguruenik, zerbitzu orduen igoera da horren erantzulea, baina hala eta guztiz ere, gogora ekarri behar dugu, lankidek aitortutako erabileran oinarrituta dagoela datu hau.

Txandakako Ingeniaritza eta Asmaola prozesuek aurrerapausoa eman dute, eta euskaraz arituko diren zerbitzu izendatu dute haien burua. Asmaola 2011an abiatu eta eman dituen zerbitzuen %65 euskaraz egin ditu.

Seigarren urtez antolatu dugu 30+10 Mintegia. Urtez urte emaitzak emankorrak izan dira, ikuspegi kuantitatibo zein kualitatiboan. Urtero berritasunak ezartzen ditugu eta hauen artean 2011an nazioarteko lerro bat gehitu diogu, eleaniztasunaren kontzeptua indartzeko. Entzuleen balorazioek adierazi digute 30+10 mintegia badela dagoeneko hizkuntza-kudeaketa gaian onartutako erreferentzia puntua.

Gure frenoak ere izan ditugu, eta aipagarriena da prestakuntza iraunkorrean geldiune nabaria izan dugula, Gobernuko enplegurako prestakuntzaren aldaketa eta egoera ekonomikoa medio. Joera orokorrak beraz isla izan du ere euskararen zerbitzu eskaintzari dagokioean. Bestalde, eleaniztasun proiektuak bere esperientzia pilotuan jarraitzen du erakunde guztira zabaltzeko heldutasunaren zain, eta azkenik Hizkuntza Kudeatzeko Sistemaren ezarpena atzeratu egin zaigu 2012ra, sistemen barne antolaketak atzera eta aurrera eduki gaitu eta egokitzapenen lanetan.

2012ko helburu nagusia:

 

  • Urrezkoaren bidean, Bikain ziurtagiriaren barne ebaluazioa 650 punturekin gainditu, 2008n auditoria ofizialean lortutakoa %10ean gainditzeko helburuarekin.

 

Helburu zehatzak:

  • LHI: azken urteetak beherakada gainditu eta LHI kanpainarekin ikaslanekin landu.

  • Txandakako Ingeniaritza eta Asmaola: euskarazko negozio unitate izateko proiektuak landu

  • Heziketa Zikloak: enpresetako praktiken diagnostikoa egin, euskararen erabileran nola eragin daitekeen aztertu eta proposamen zehatza egiteko.

  • 30+10 Mintegiaren 7. edizioa. Urriaren 24an.

  • Kalitatea: jaurlaritzaren sistema berria ezarri ostean kudeaketan egokitu Hizkuntzak Kudeatzeko Sistema

  • Motibazioa landu lankideen artean (mintzagrama, Euslider2, makinak euskaraz...).