IMH Sariak, babesleen ahotsa

2025/06/30 10:31:55 GMT+2
XXIII edizioaren babesleekin izan gara beraien iritzia jasotzeko.

🏆 IMH Sarien XXIII edizioan hiru izan dira enpresa babesleak eta beraien iritzia jaso dugu. Hemen partekatzen ditugu beraien hitzak:

 

DANOBAT GROUP, Jose Antonio Hidalgo, kontseilu errektoreko presidentea


Zer iritzi duzu lanbide-heziketari prestigioa emateko egiten dugun ekintza honi buruz?

Danobatgroupen, uste dugu IMH Campusen sariak babestea modu bikaina dela kalitatezko Lanbide Heziketa babesteko eta fabrikazio aurreratuaren esparruan talentu gaztearen alde egiten jarraitzeko. Horrelako ekintzek, Lanbide Heziketari prestigioa ematen laguntzeaz gain — funtsezkoa da gure sektoreak behar duen talentua garatzeko —, motibaziorako bultzada ere ematen diete ikasleei, beren onena ematera animatzen dituzte eta beren etorkizun profesionalerako tranpolin baliotsu gisa balio dute.

Zure iritziz, zein da Danobatgroupek eta IMH Campusek elkarri egiten diogun ekarpena?

IMH Campusekin dugun lankidetza ibilbide luzeko harreman sendo batean oinarritzen da, eta bi aldeek elkar aberasten dugu. Makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan erreferentziazko industria taldea garen heinean, Danobatgroupen punta-puntako teknologia, ekoizpen ingurune errealaren ezagutza eta garapen profesionalerako aukerak ematen ditugu. IMH Campusek, berriz, kualifikazio handiko pertsonak eskaintzen dizkigu, gure jardueraren eta gure egunerokotasunaren errealitatea ezagutzen dutenak, gure sektorearen egungo eta etorkizuneko erronketara egokitutako prestakuntzarekin.

 

KORTA, Andima Laskurain, gerentea

 

Zer iritzi duzu lanbide-heziketari prestigioa emateko egiten dugun ekintza honi buruz?

Gaur egun, Euskal Herriko ekonomiaren oinarri nagusietako bat industria da. Eta industria hori mantentzeko —errelebo belaunaldia bermatuz— eta aurrera egiteko, ongi prestatutako gazteak behar ditugu: mekanizazioan, muntaia mekatronikan eta abar.

Lanbide Heziketa, zalantzarik gabe, gure industriako tailerretan gehien eskatzen den profila da, sektorearen arabera espezializazio desberdinak behar diren arren. Adibidez, KORTAn kontratazio berrien artean hiru pertsonatik bi lanbide-heziketako ikasketak dituztenak dira, hau da, %66. Beraz, lana bilatzeko orduan aukera errealak daude.

Bestalde, Gipuzkoan ditugun hitzarmen kolektiboei esker, industriako lan baldintzak beste sektore askotakoak baino hobeak dira.

Horregatik, gure ustez, Lanbide Heziketari prestigioa emateaz gain, dagoen errealitatea modu argian azaltzea da erronka nagusia: lan aukerak badaude, eta baldintzak ere oso duinak dira.

Zure ustez, zein da KORTAk eta @IMH Campusek elkarri egiten dioten ekarpena?

KORTArentzat funtsezkoa da lanbide-heziketako zentroekin elkarlanean aritzea, gaur egungo eta etorkizuneko beharrak asetzeko. Alde batetik, erretiroa hartuko duten langileei erreleboa eman behar diegu, eta bestetik, hazkunde-planarekin jarraitzeko profesional gehiago behar ditugu.

Behar horiei aurre egiteko, formazio duala aukera bikaina dela uste dugu. Ikasleek urtebetez gurean ikasi eta lan egiten dute, eta horrek aukera ematen digu elkar hobeto ezagutzeko eta haien prestakuntza gure beharrekin bat etor dadin. IMHk ekarpen garrantzitsua egiten digu profil egoki horiek prestatuz.

Bestalde, KORTAk ere badu ekarpena egiteko gogoa. 2024an erabaki genuen lanbide-heziketako zentroekin elkarlan-hitzarmen bat egitea, prestakuntza bera indartzeko eta formazio duala egiten ari diren gazteei gurean lan egiteko aukera eskaintzeko.

Elkarlan horren helburua argia da: denok irabaztea. Eta hala dela uste dugu.

 

Gure eskerrik beroena aurtengo edizioan parte hartu duten enpresa babesle eta kolaboratzaile guztiei, Lanbide Heziketako ikasketak balioan jarri eta gizarteari egiten dioten ekarpena nabarmentzen laguntzeagatik.