IMHko Kanpaldi Teknologikoa, gazteak industriara hurbiltzen
IMHn aurten ere arrakasta handiz ospatu da Kanpaldi Teknologikoa, Debabarreneko DBHko ikasleei Lanbide Heziketa gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dien aste osoko esperientzia praktikoa. Jarduerak helburu argia izan du: gazteei fabrikazio mekanikoaren eta industria-ingurunearen errealitatea modu erakargarri eta parte-hartzailean hurbiltzea.
Aurtengo edizioan, guztira 24 DBHko ikaslek hartu dute parte, eta haiekin batera aritu dira 14 mentore (IMHko lanbide heziketako 12 erdi mailako ikasle eta 2 goi mailakoak), 4 jubilatu, eta IMHko lanbide heziketako 6 irakasle. Belaunaldi ezberdinen arteko elkarlanak eta ezagutza-trukeak balio handiko ekarpena egin diote esperientziari.
Aste osoko programa anitza eta praktikoa
Kanpaldiak aste osoan zehar jarduera ugari eskaini ditu. Lehen egunean, ikasleek programaren aurkezpena jaso eta ikastetxea ezagutzeko aukera izan zuten. Ondoren, talde-laneko tailerrak eta orientazio-saioak egin zituzten, elkarlanerako eta erronkei aurre egiteko oinarriak finkatuz.
Astean zehar, parte-hartzaileek hiru erronka teknologiko garatu dituzte, IMHko ziklo desberdinetako ikasleen gidaritzapean. Erronka horien bidez, diseinua, fabrikazioa eta problemak ebazteko gaitasunak landu dituzte modu praktikoan.
Bestalde, programak aukera paregabea eskaini du inguruko enpresak bisitatzeko. Hasieran aurreikusitako bi bisiten ordez, azkenean hiru enpresa ezagutzeko aukera izan dute ikasleek (Lan-Bi, Etxetar eta Egile), industria-errealitatea bertatik bertara ikusiz. Horrez gain, fabrikazio mekanikoan ibilbide luzea izan duten jubilatuekin egindako solasaldiek ikuspegi aberasgarria eman diote aste osoari.
Balioak, orientazioa eta etorkizuneko aukerak
Kanpaldiak ez du soilik gaitasun teknikoetan jarri arreta; Balioak 4.0 bezalako tailerren bidez, lan-munduan funtsezkoak diren jarrerak eta balioak ere landu dira. Azken egunean, egindako lanaren ebaluazioa egin eta agurra eman zitzaien parte-hartzaileei.
Esperientzia aberasgarria guztientzat
Parte-hartzaile guztiek oso modu positiboan baloratu dute aurtengo Kanpaldi Teknologikoa. DBHko ikasleentzat aukera paregabea izan da Lanbide Heziketan zer eta nola egiten den ezagutzeko; mentoreentzat eta gainerako parte-hartzaileentzat, berriz, esperientzia aberasgarria eta motibatzailea izan da.
Eskerrak eman nahi dizkiegu Elgoibarko Institutuari, Elgoibar Ikastolari, Soraluze BHIri, Elgoibarko jubilatu-talde boluntarioari eta Makina Erremintaren Museoari, esperientzia arrakastatsu honetan izandako lankidetza estuagatik.
IMHk, beste behin ere, gazteei etorkizuneko aukerak gerturatzeko eta bokazio teknologikoak sustatzeko duen konpromisoa berretsi du ekimen honen bidez.