IMH Ingeniaritzak txandakatzeko sistema aldatuko du datorren ikasturtean

2005/05/09 00:00:00 GMT+2
Enpresa zein ikasleei onuragarria izatea da aldaketa honen helburua: egun erdiko lanak enpresan dakarren erritmo-moztea sahiestu eta bestalde, ikasleek ikastetxera etortzeko lekualdaketa-denbora gutxiago behar izatea.

IMH Ingeniaritza gogoeta estrategikoa egiten ari da, orain dela 9 urte martxan hasi ondoren. Gogoetak eman dituen ekintzetako bat txandakatzea moldatzea izango da: promozio berriak 2005/06 ikasturtea hasiko du astero enpresan egun osoz astelehenetik asteazkenera eginez eta IMHn ostegun eta ostiral osoak igaroz. Jada martxan daudenak (bigarren eta hirugarren kurtsokoek) orain arteko txandarekin jarraituko dute, hau da, goizez enpresan eta arratsaldez IMHn.

IMH Ingeniaritza goi mailako heziketa zikloak ikasi duten ikasleei zuzendua dago eta bere oinarrizko ezaugarria enpresan lan egin eta aldi berean ikastetxean formazioa jasotzea da, biak txandakatuz. Datorren ikasturtean, promozio berriak %60 enpresan igaroko du lanaldi partzialeko kontratuarekin eta %40 IMHn ikasten.

IMH Ingeniaritzak eskaintzen duen unibertsitate mailako ikasketak Europan urteetan ezarrita dagoen txandakako sisteman oinarrituta daude.

Bestalde, 2. deialdirako aurre-matrikula egiteko epea maiatzaren 13a arte zabalik dagoela gogorarazten dizugu eta datorren uztailaren 5ean arratsaldeko 18.30etan Ate Irekiak izango direla IMH Ingeniaritza ezagutzeko.