IMH eta TECNALIA fabrikazio aditiboan teknologia berriak garatzeko elkarlanean arituko gara

2020/10/05 12:01:00 GMT+2
IMHk, Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Campusak, eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak I+Gko eta Prestakuntzako Foku bat sortu dute proiektu berrietan lankidetza sustatzeko, industriari laguntzeko ahalmena indartzeko eta profesionalen belaunaldi berriak prestatzeko.

 

Azken urteotan, Europar Batasunak apustu sendoa egin du fabrikazio aditiboaren eta hari lotutako teknologien alde, Europako industriaren eraldaketa- eta lehiakortasun-bektore gisa, 4.0 fabrikazio deritzonaren ikuspegitik. Forbes-en arabera, merkatu horrek 35,6 mila milioi dolar sortuko ditu 2024an, mundu osoan. Hurbileko industria-inguruneak teknologia horiek eskatzen ditu, eta fabrikazio aditiboko prozesuetan trebatutako profesionalak behar ditu. Hori dela eta, IMHk, Fabrikazio Aurreratu eta Digitaleko Campusak, eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak fabrikazio aditiboko I+Gko eta Prestakuntzako Foku bat sortu dute proiektu berrietan lankidetza sustatzeko, industriari laguntzeko ahalmena indartzeko eta sortutako ezagutza profesionalen belaunaldi berriei transferitzeko.

Lankidetza gaur goizean zigilatu da IMHko (Elgoibar) Additive Village instalazioetan. Bertan izan dira Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzailea eta David Sánchez TECNALIAko Industria eta Garraioko zuzendaria.

IMHko zuzendariaren arabera, “akordio hau lankidetza-ibilbide baten isla da, fabrikazio aditibora eta fabrikazioaren digitalizaziora bideratutako ikerketaren nahiz prestakuntzaren arloan egingo den lankidetza-ibilbide batena. Apustu sendo bat, bizi dugun eraldaketa sozial eta ekonomikoaren testuinguruan, eragin handia duena lan-merkatuan, eta gureak bezalako erakundeei inplikazio eta lankidetza are handiagoa eskatzen diena”.

Bestalde, TECNALIAko Industria eta Garraioko zuzendariak adierazi duenez, “urrats bat gehiago da duela zenbait urtetik dugun lankidetza sendotzeko. Gune berri hau aitzindaria izango da Euskadin eta Espainiako Estatuan, fabrikazio aditiboaren arloan, gure inguruko enpresei Europan ezartzen ari den 4.0 fabrikazioan lehiakorrak eta bereizgarriak izaten laguntzeko”.

Prestakuntza, ikerketa eta merkaturako transferentzia

Fabrikazio aditiboko I+Gko eta Prestakuntzako Fokuak hiru eremu izango ditu ardatz: prestakuntza, ikerketa eta merkaturako transferentzia. Bere helburuak lortzeko, instalazioen abangoardiako ekipamendua partekatuko dute, eta bi zentroetako 20 ikertzailek teknologien programa akademikoetan eta espezializazio-proiektuetan parte hartzea aurreikusten da.

Prestakuntzari dagokionez, urtean 120 ikasle izatea da helburua; prestakuntza tekniko espezializatua eta prozesuak birdiseinatzeko laguntza eskainiko zaie, eta, hala, sektore berri eta eskari handiko batean profesionalen belaunaldi berri bat sustatuko da.

Ikerketaren arloan, IMHk eta TECNALIAk ezagutza, esperientzia eta eredu berriak sortzea sustatuko dute, fabrikazio aditiboaren hedapena bizkortzeko, eta proiektu berrietan lankidetzan aritzea ere sustatuko dute.

Beste erronka bat da teknologiak merkatura transferitzea eta industriari laguntzeko gaitasuna bultzatzea. Bi zentroen artean, Euskadin garatutako fabrikazio aurreratuko hainbat ekipo dituzte —Addilan, Ibarmia, Lynxter eta SamyLabs—, baita nazioartean garatutakoak ere —Renishaw, Desktop Metal eta HP—. Hala, TECNALIAk teknologia hauek ditu, besteak beste: 5 ardatzeko prozesu anitzeko zentro hibrido bat, atmosfera kontrolatuko makina bat osagaiak WAAM bidez fabrikatzeko, WAAMekin fabrikatzeko zelula robotikoak, Binder Jetting hauts-ohantze bidezko inprimaketa metaletarako nahiz zeramiketarako, eta polimeroak, konpositeak eta zeramikak estrusionatzeko zenbait teknologia. Bestalde, IMHk ekarpen metalikoko zelula robotizatu bat diseinatu du LMD teknologiarekin, eta metal-hautsezko ohantzeko SLM teknologiak, Bound Metal Deposition osagai metalikoak fabrikatzeko sistema eta Multi Jet Fusion teknologia.

Gaur egun, fabrikazio aditiboko prozesuak hobetzen eta optimizatzen ari diren proiektuetan parte hartzen dute, osagaien osotasuna ziurtatzeko, eta prozesu horien baldintzetara hobeto egokitzen diren material metaliko espezifikoak garatzen ari dira.

Gainera, hornitzaileen, lanbide-heziketaren, unibertsitatearen, eragile teknologikoen eta enpresen arteko lotura erraztuko dute, enpresen prozesuei eta, oro har, inguruko industriari epe laburrean aplika dakizkiekeen fabrikazio-teknologien garapena sustatzeko.

IMHri buruz

IMH fabrikazio aurreratuko eta digitaleko campusa lanbide-heziketako eta unibertsitate-prestakuntzako zentro bat eta fabrikazio aurreratuko berrikuntza-zerbitzuen zentro bat da. Enpresei teknologia transferitzen die, teknikari espezializatuak prestatzen ditu eta I+G+Bko proiektuak garatzen ditu. Tailer eta laborategi teknologikoez eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroaz gain, “Additive Village” gunea ere badu, fabrikazio aditiborako berariazkoa, aukera ematen duena fabrikazio aditiboko 5 teknologia ekipamenduetan esperimentatzeko.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.

Bi erakundeak ADDIMAT Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Teknologien Espainiako Elkarteko kideak gara.