Ikaslanek Enplegurako Prestakuntza Sistema berria sustatuko du EAEko 3.000 enpresatan

2012/02/15 01:00:00 GMT+2
Langile eta enpresariei azalduko zaie nola atera diezaieketen etekina Enplegurako Lanbide Heziketaren inguruan garatzen diren ekimenei.

Ikaslanek atzo emandako prentsaurrekoan iragarri  zuen Enplegurako Prestakuntza Sistema berria aurkezteko prestatu duen plana. Prentsaurrekoan Zigor Esnaolak, IMHko Enplegurako Formakuntzako  Zuzendariak besteen artean adierazi zuen 2010an enpresen %24ak bakarrik erabili izan dituela hobaritutako prestakuntzak; hauek normalean 250 langile baino gehiago duten enpresak dira, giza baliabideetako lan taldeak dituztenak.


Ikaslanen Aurkezpena


Ikaslan EAEko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkarteak aste honetan ekingo dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak, Lanbidek eta Hobetuzek bultzatutako Enplegurako Prestakuntza Sistema berria zabaltzeko eta sustatzeko planari.

Plana 2012ko otsailetik irailera bitartean garatuko da, eta hainbat fase ditu. Ikaslanen ustez, etengabeko prestakuntzak batez ere krisi-garaian duen garrantzia uzten du agirian.

  • Hasierako fasean, Ikaslanek 3.000 euskal enpresei (ETE-ei eta ETE txikiei) jakinaraziko die abian dela Enplegurako Prestakuntza Sistema berria.
  • Bigarren fase batean, 900 enpresek Ikaslaneko prestakuntza-arduradunen bisitak izango dituzte informazio zabalagoa jasotzeko; aldi berean, jardunean nahiz langabezian dauden 2.700 langilek informazio zuzena jasoko dute Ikaslanek EAEko hiru lurraldeetan dituen 56 ikastetxeetan.
  • Hirugarren fasean, hamar informazio-jardunaldi egingo dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hainbat eskualdeetan. Horietan, enpresariei nahiz langileei Enplegurako Prestakuntza Sistema berriari buruzko nahiz Tripartita Fundazioaren hobari-sistemari buruzko informazio zabala emango zaie, azken hori ez baitago oso txertatuta enpresetan, Enplegurako Prestakuntzaren Behatokiaren datuen arabera. Irailean, zabaltze-planari amaiera emango dion jardunaldia egingo da.

 

Zabaltze-plana garatuko den hiletan zehar, Ikaslaneko ordezkariek Profesionaltasun Egiaztagiriak azpimarratuko dituzte bereziki, horiexek direlako Enplegurako Prestakuntza Sistema berriaren ardatzak. Horien garrantzia honetan datza: ofizialki egiaztatzen dutela langileak lanbide-kualifikazio nahikoa duela bere lana egiteko. Egiaztagiri horiek lortzeko bide bat baino gehiago dago: prestakuntza, laneko eskarmentua egiaztatzea (Laneko Eskarmentua Aitortzeko Bidea erabiliz), eta aurreko bi aukerak konbinatzea.


Profesionaltasun Egiaztagiriak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Izan ere, lehen aldia da Lanbide-Hobetuzen 2012rako prestakuntza-eskaintza horietan oinarritzen dena.

Zabaltze-plan horretan Ikaslanek nabarmentzen duen beste alderdietako bat Laneko Eskarmentua Aitortzeko Mekanismoa da. Gaur egun alor batzuetan baino ez dago indarrean, baina gainerako guztietan ere ezartzeko bidean dago. Prestakuntza egiaztatzeko sistema pertsonalizatua eta malgua da, pertsonek duten gaitasuna modu ofizialean egiaztatu eta, motibazio horrekin, bizitzan zehar etengabe ikasi eta lanbide gaitasuna sustatzera bultzatzeko helburua duten Europako beste sistema batzuekin homologatzeko modukoa. Era berean, lan-merkatu lehiakor batean, geroz eta profesional prestatuagoak behar direnean, langileak baldintza hobean kokatzeko helburua ere badu.


Zergatik da Ikaslan plan horretan aitzindaria?

2011n, 27.000 langile  jardunekoak nahiz langabeak birziklatuziren Ikaslaneko ikastetxeetan.

Euskadiko Lanbide Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Elkarteak harreman iraunkorrak ditu EAEko 9.000 enpresarekin: ia produkzio jardueren % 100 dago horien esku.

  • Hurbiltasunagatik. IKASLANeko ikastetxeak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban daude eta ia lurraldearen % 100 hartzen dute. Hala, informazioa zuzenean helarazten die enpresa eta langileei.

  • Eraginkortasunagatik. Ikastetxe bakoitzak baliabide eta elementu nahikoak ditu Enplegurako Prestakuntzaren garapenaren ezaugarriak, onurak eta prozedurak ezagutarazteko enpresei eta langileei.

  • Unibertsaltasunagatik. Plan hori EAEko enpresa-ehun osoari zuzentzen zaio, eta dagoeneko gaitasuna frogatua eta aitortua duten ikastetxe-sare batean oinarritzen da.

  • Iraunkortasunagatik. Plana ikastetxe partaideetan egonkortu nahi da, garatu beharreko ekimenak, sortutako agiriak eta elkarrekintzarako eremuak aprobetxatuta.