Heziketa Zikloetako ikasleei agurra, errealitate berrira egokituz

2020/06/25 12:06:00 GMT+2
18IMHSARIAK atalean Igor Iriondok espediente akademiko onena eta elgoibartar onenaren saria jaso du, eta Jon Txapartegik eta Bertin Trillok aipamen bereziak jaso dituzte.

 

 

Gaur, Heziketa Zikloetako gure ikasleen ikasturte amaierako ekitaldia egin dugu, "errealitate berrira" egokituz. 154 ikaslek etapa berri bat hasi dute. Hauetatik Lantotiko Prestakuntza 102 ikaslek egin dute, Duala 32k eta Espezializazioa 20k.

Urte akademiko desberdin eta konplexu baten amaiera izan da, Covid-ek sortutako egoeraren ondorioz.

Aurten malgutasunak, bizkortasunak, egokitzeko gaitasunak eta gertutasunak funtsezko eginkizuna izan dute irakasleen eta ikasleen artean, aurrera egiteko eta helburuak beste urte batez lortzeko, testuingurua edozein dela ere.

Urte honetan jasan izan dugun egoera zaila izan arren, merkatu profesionalera atera eta etapa berri bati ekiteko ilusioz beteta dauden gazteen promozio berri honek dena eman dute beren erronkei aurre egiteko.

Bestalde, IMH Sarien "18IMHSARIAK" sarien atalean, osasun-alertak sortu duen egoera ekonomiko konplexua dela eta, enpresen parte-hartzea eta babesa atzeratu ditugu 2021erako. Aurten ikasle aipagarri eta elgoibartarren aitortza mantendu dugu.

Aurtengo ikasle aipagarria Igor Iriondo Salegi elgoibartarra izan da, Erdi Mailako Mantentze-Lan Elektromekanikoko ikaslea. Igorrek praktikak atzerrian egitea erabaki zuen, baina Covid-19 zela eta itzuli egin zen eta hemen amaitu ditu. Igorrek Elgoibarko Udalaren oroigarria ere jaso du.

Igor ikasle elgoibartar aipagarria ere izan denez, bigarren espedienterik onena saritzea erabaki dugu, helburua ahalik eta ikasle nabarmen gehienen ahalegina eta jarrera txalotzea baita. Kasu honetan berdinketa egon da eta bigarren espediente on bi ditugu: Zestoako Jon Txapartegi eta Orioko Bertin Trillo. Jonek, Igorrek bezala, Erdi Mailako Mantentze Zikloa ikasi du, eta Bertinek Mekanizazio Erdi Maila.

Sariak Txankakua Elgoibarko Merkatari Elkartearen bonoak izan dira.

Zorionak ikasle guztiei, baita irakasleei eta senideei ere, dagokizuen aldetik!