Gipuzkoako Fabrikazio Aurreratuaren Campusa aurkeztu dugu talentua eta berrikuntza industriala sustatzeko.

2026/03/23 19:32:00 GMT+1
IMHn kokatuko da eta puntako robotika-teknologiaz hornitutako Dbot Danobaten makina gehituko zaio elkarri lotutako bost laborategiri. Fabrika aurreratu baten ziklo osoa erreproduzituko du eta profesionalen prestakuntza benetako baldintzetan garatuz.

Gipuzkoak gaur iragarri du fabrikazioaren industriaren alde egindako azken apustua, Elgoibarko Fabrikazio Aurreratuaren Campusa osatzen duen ekarpen teknologiko berezi batekin.

  • Aurkezpenean parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, José Pérez Berdud AFMko presidenteak, Xabier Ortueta IMHko presidenteak eta Xabier Alzaga Danobateko CEOak. Aurkezpenean izan dira baita ere Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Unai Andueza, sustapen ekonomikoko eta proiektu estrategikoetako diputatua eta Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkatea.
  • Aurkezpenak Campusaren kontzeptua azaltzeko balio izan du, eta, aldi berean, fabrikazio aurreratuaren aro berrian talentua prestatu eta garatzeko duen eginkizun estrategikoa azpimarratu da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako espazio berriak 1.250.000 euroko inbertsioa dakar berrikuntza teknologikoaren eta prestakuntza espezializatuaren aldeko apustua egiten duen proiektu batean eta, horrela, fabrikazio aurreratuko trebakuntzan eta teknologia berrietan nazioarteko erreferente gisa Gipuzkoak duen posizionamendua indartzen du.

Elgoibarko IMHren instalazioetan dagoen campusa 2026an zehar osatuz joango da, fabrikaziorako pentsatutako doitasunezko robotikako teknologiarik berritzaileenaz hornitutako azpiegitura batekin.

Espazio berri horrek jarraipena ematen dio Aldundiak urteetan zehar campusean egin duen apustuari. Apustu horrek hainbat laborategi ditu oinarri (Manufacturinga, Digitalizazioa, Robotika, Fabrikazio Aditiboa eta Diseinua), elkarren artean lotutak eta sinergikoak, industria ingurune erreal batean prestakuntza aurreratua emateko eta irtenbide industrialak erakusteko, garatzeko, probatzeko eta baliozkotzeko sortuak.

Gune horrek enpresen arteko lankidetza irekia bultzatuko du, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta lanbide heziketaren ekosistema indartsuarekin, eta industria sarearen lehiakortasuna indartzen lagunduko du.

Azpiegitura lurraldeko industria sektorearen bihotzean kokatuta dago, eta 2026aren amaieran aurreikusita dago abian jartzea. Proiektu berria funtsezko hiru ardatzen inguruan egituratzen da: garapen teknologiko irekia, ezagutza enpresa sarera transferitzea eta talentu espezializatua prestatzea.

Oinarri horretatik, Gipuzkoak eta Euskadik nazioarteko erreferente gisa duten posizioa indartuko du, bai berrikuntzan, bai industria gaikuntzan.

 

Gipuzkoako diputatu nagusia Eider Mendoza:

"Makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreak, izaera enblematikoa izateaz gain, funtsezko garrantzia du Gipuzkoako industriarentzat. Lurraldean errotutako jarduera da, eta ezagutza, teknologia, berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzen ditu. Gure lurraldea gaitasun industrialen abangoardian kokatzen du, eta azken apustu honekin Gipuzkoak sektorearekiko duen konpromiso irmoa berresten du. Gipuzkoak, berrikuntza eta lankidetzarako espazio berri honen bidez, beste behin ere espezializazio berritzailea sustatzeko apustua egiten du, bereziki gaitasun nabarmenak dituen sektoreetan. Helburua da gaur egungo enpresek lehiakortasunean aurrera egitea eta etorkizuneko jarduera eta kalitatezko enplegua bermatuko dituen industriaren oinarriak sendotzea".

Azpiegitura teknologikoa: Danobat enpresaren dBOTa, irtenbide robotiko berritzailea.

IMHk fabrikaziorako doitasun handiko robotikari buruzko prestakuntzan aintzindari bihurtzeko, aktibo nagusi bat izango du: Danobatek garatu eta fabrikatu duen dBOT doitasun robota, ekoizpenerako makineriaren atalean kategoria berri bat dakarren konponbide aurreratua.

Sistema horrek makina erreminta baten zurruntasuna, egonkortasuna eta zehaztasuna sei ardatzeko robot baten malgutasunarekin uztartzen ditu, eta estandar berri bat ezartzen du pieza konplexuen eta tamaina handiko piezen mekanizazioan.

Ohiko robotek baino hiru aldiz zehaztasun handiagoa eta hamar aldiz zurruntasun dinamiko handiagoa duenez, dBOTa berrikuntzarako funtsezko ardatza eta prestakuntza aurreraturako plataforma da; eta ikasleei, enpresei eta profesionalei robotikan eta doitasun fabrikazioan trebatzeko aukera ematen die.

Xabier Alzaga, Danobateko CEOa:

"Campusaren gaitasunak konponbide robotiko berritzaile horrekin osatu ahal izateak roboten bidezko fabrikazioaren munduan erreferente bihurtzen gaitu. Guretzat, gainera, testatzeko eta garatzeko leku ezin hobea izango da, ezagutza berria eta enpresa, gazte eta profesionalekiko elkarreragina ekarriko dizkiguna, gure ikusgarritasuna nabarmen areagotuz."

Ikaskuntza eta berrikuntzarako benetako ingurunea

Robotarekin egindako instalazio berria Fabrikazio Aurreratuaren Campusean egongo da. Campusean 5 laborategi osagarri eta sinergiko daude, eta ekosistema horrek industria ingurune erreal bat irudikatzen du, prestatu, berritu eta konponbideak baliozkotzeko:

  •  Manufacturing Lab: mekanizazioa, metrologia eta balidazio industriala baldintza errealetan.
  •  Robot Lab: robotika industriala, lankidetzakoa eta mugikorra, benetako ekoizpen inguruneetan aplikatua.
  •  Design Lab: diseinu aurreratua eta produktuaren ingeniaritza baliozkotze birtualarekin.
  •  3D Lab: fabrikazio gehigarria eta prototipoak egitea, berrikuntza bizkortzeko.
  •  Digital Lab: datuak atzematea, ikusmen artifiziala, IIoT eta adimen artifiziala fabrika konektatuetarako.

Laborategi bakoitzak berrikuntza teknologikoa prestakuntza aurreratuarekin eta frogapenarekin uztartzen ditu, eta ikasleei eta profesionalei azken belaunaldiko industria inguruneetan zuzenean ikasteko eta esperimentatzeko aukera ematen die.

Xabier Ortueta, IMHko presidentea:

"Instalazio hau mugarri bat da IMHrentzat. Aldundiaren eta gure enpresa sarearen laguntzari esker, IMH maila goreneko gaitasunez eta ekipamenduz hornitu da fabrikazioan, fabrikazio gehigarrian, diseinuan, digitalizazioan eta abarretan. Dbot-a instalatzeak, zentro paregabea bihurtzen gaitu munduan, fabrikazio munduan roboten bidez erakutsi, prestatu eta berritu ahal izateko".

Gipuzkoarako azpiegitura estrategikoa

Proiektua IMH Campusek kudeatzen du, eta baterako garapenerako eta industria-frogapenetarako gune izateko sortu da, transferentzia teknologikoa errazteko, batez ere enpresa txiki eta ertainei, merkatu global gero eta zorrotzago baten erronketara egokitzen laguntzeko eta produktuak fabrikazio aurreratuaren eskaera berrietara egokitzea eta garatzea bultzatzeko.

José Pérez Berdud, AFMko presidentea:

"Campusa, instalazio berri horrekin, enpresen arteko lankidetza irekiko leku bihurtzen da. Bertan, eragileek roboten bidezko fabrikazio aplikazioak probatu eta testeatu ahal izango dituzte; ekipo horien fabrikazioaren inguruan balio kate bat nola eraiki aztertu ahal izango da, eta gaur egun eta etorkizunean industrian lehiakorrak izateko funtsezko teknologietan trebatu ahal izango ditugu gure profesionalak. AFM Clusterra osatzen duten taldeek ezagutza garatzeko eta transmititzeko ezinbesteko leku bat dute campusean"

Era berean, ikaskuntza aurreratuko ingurune gisa funtzionatuko du, eta lanbide heziketako ikasleek eta jardunean dauden profesionalek robotikari, digitalizazio industrialari, diseinu aurreratuari eta fabrikazio gehigarriari buruzko prestakuntza jaso ahal izango dute, eta, horrela, etorkizuneko fabrika adimendunen buru izateko behar den talentua indartuz joango da.

Proiektu horrekin, Gipuzkoak bultzada handi bat ematen dio bere ekonomian funtsezkoa den sektore bati, eta industria lurralde aurreratu gisa duen posizionamendua sendotzen du, erakundeen, enpresen, teknologia zentroen eta hezkuntza sistemaren arteko lankidetza sustatuz.

Gaur egun mundu mailan bizi dugun eraldaketa teknologikoko testuinguru honetan, zentroak industria sarearen lehiakortasuna hobetzen eta bihar-etzi fabrika adimendunen buru izango diren profesionalak prestatzen lagunduko du.