Finlandiako Kari irakaslearen egonaldia IMHn

2025/11/04 18:01:00 GMT+1
Finlandiako Vamia eta IMH LHIIren arteko lankidetza sendotzen — bi asteko esperientzia aberasgarria Mekatronika Industrialeko sailean.

Finlandiako Vamia lanbide heziketako eskolarekin IMHko lanbide heziketako ikastetxe integratuak urteetan zehar eraikitako harremanak beste urrats polit bat eman du aurten. Kari Paajanen, Vamiako irakaslea, gure artean izan da bi astez, “job shadowing” formatuan, Mekatronika Industrialeko sailean gure lan-metodologia ezagutzen.

Egun gutxitan, Kari gure taldeko kide bihurtu da. Hidraulikako praktiketan lagundu du —ingelesez, jakina!— eta makinen muntaketan ere parte hartu du bigarren mailako ikasleekin. Ikastetxeko beste zikloak eta tailerrak ezagutzeko aukera izan du, eta Danobatera eginiko bisitan ere parte hartu du ikasleekin batera.

Lanaz gain, bisita kulturalak eta elkarrizketa ugari izan ditu gure ikasle eta irakasleekin, eta baita euskarazko lehen hitzak ere ikasi ditu! Bere jarrera irekia eta baikorra kutsakorra izan da, eta guztioi giro positiboa zabaldu digu.

Kariren bisitak aberastasun handia ekarri du bai irakasleontzat bai ikasleentzat: ikasleek ingelesez lan egiteko eta beste herrialde bateko lan egiteko modu bat ezagutzeko aukera izan dute, hidraulika eta sistemaren muntaketaren inguruko ikuspegi berriak jasoz. Irakasleentzat ere esperientzia baliotsua izan da, ideiak trukatzeko eta hausnartzeko aukera eskaini baitu.

Horrelako ekimenek gogorarazten digute elkarlana eta esperientzien trukea funtsezkoak direla gure heziketa-proiektuaren etengabeko hobekuntzan.
Eskerrik asko, Kari, zure bisitagatik eta gurekin partekatu dituzun momentuengatik!

IMH-n beti izango duzu lekutxo bat💙