... eta 10!

2015/09/23 23:00:00 GMT+1
Urriaren 7an 30+10 mintegiaren 10. edizioa ospatuko dugu IMHn. Ospatu, eskertu eta egin, 10 urte oparotan jasotako uztak baduelako segidarik.

 

Urriaren 7an 10 urteko zikloa burutuko du 30+10 Mintegiak. Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan antolatzen dugu jardunaldia, enpresetan hizkuntza kudeaketa sustatzeko asmoz. Bederatzi edizioetan, 150 hizlari eta milatik gora entzule izan ditu. Lerro hauen bidez horiei guztiei eskerrak eman, bildutako uzta gogoratu (hitzaldi guztiak IMHko webgunean ikusgai daude) eta aurtengo saioan etorkizuneko erronken hurbilketa egingo dugula adierazi nahi dizuegu.

Bost taldetan sailkatu ditugu urte hauetan jasotakoa. Lehenengoan ditugu haien praktika onak aurkeztu dizkiguten bertako enpresa eta erakundeak; Besteak beste: CAF, Danobat, Doble sentido, Elay, Elkargi, Etxepe, Eroski, Euskadiko Kutxa, Euskal Herria esnea, Euskaltel, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Garbialdi, GKN, Goizper, Ideko, ITP, JEZ, Kondia, Kutxa, Lealde, Microsoft, Orkli, Panelfisa, Pasaiako Portuko Agintaritza, Tecnalia, Tekniker, Ternua, Urkotronik, ...

Bigarrenean, baliabideak ditugu. Enpresak arlo guztietan euskaraz funtzionatzeko behar dituen erremintak: Besteak beste: hainbat hizkuntzatan dagoen dokumentazio kudeatzen laguntzeko tresnak (itzulpen memoriak, Dokusare, Itzulges, agiriak.net, Automobilgintzako hiztegia...), Dualiaren telefono bidezko interpretazio zerbitzua, Euskadiko Kutxaren zerbitzuak enpresentzat, notaritzenak, prestakuntza.net, Enpresarean, IMHk eskaintzen dituen formazio eta aholkularitza zerbitzuak, ikasleen Lantokiko Prestakuntza euskaraz egitea bermatzeko eta softwarearen arloko asko. Azken hauen artean: Maquelsa-Konikaren fotokopiagailuen interfazea euskaratua, IP telefoniaren aukerak, Anboto groupen laguntzaile birtuala, Codesyntax, Irontec, Zundan eta Indaba enpresek aurkeztutako ofimatika librearen aukerak, Fagor Automotionen zenbakizko kontrolak, atzerritik ekarritako makinek interfazea euskaratzeko modua, Igarleren ERPa, Plazaguneren EFQM kudeatzailea...).

Hirugarrenean, sustapena izenburupean batutakoak ditugu. Horietako asko oso interesgarriak, hizkuntza kudeaketa lotu baitzuten marka-irudiarekin, berrikuntzarekin, managementarekin, produktuak sustatzeko segmentazioarekin, enpresaren erantzukizunarekin, bere industria sektore propioa sortzeko ahaleginarekin... Bertako erakunde eta herri-administrazioak izan dira ekarpen sendo eta interesgarri gehien egin dituztenak. Nabarmentzekoak dira: batetik, era batean edo bestean aholkularitza lanetan eta/edo gaiaren inguruan ezagutza eta praktika sortzen ari diren hainbat erakunde eta enpresenak, esaterako, Adegi, Ahize-AEK, Ardatza, Artez, AZK taldea, Bai Euskarari ziurtagiria, Banaiz Bagara, Bikain ziurtagiria, Caritas Bizkaia, CCOO, Confebask, Don Bosco ikastetxea, EHU, Eibarko Udala, ELA, Elgoibarko Udala, Elhuyar, Emun, Eta Kitto elkartea, Euskalan, Euskalit, Gurutze Gorria, iBerba, IMH, Innobasque, Ingudea, Ikaslan, Itzulbaita, LAB, Laneki, Langune, Lasarteko Berritzegunea, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Ona Electroerosión, puntuEUS, Topagunea, Txinera Institutua, Urola ikastola, Vitoria-Gasteizko Udala...; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritza , Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Elgoibarko Udalaren hizkuntza kudeaketako arduradunek legegintzaldi guztietan egin dituzten ekarpenak, antolaketari lagunduz zein haien ikuspegi eta asmoak bertan aurkeztuz.

Euskal Herritik kanpora ere jarri ditugu begiak, eta laugarren taldean jaso ditugu. Batetik, AFMren laguntzarekin, kanpora lanera joan diren enpresak ekarri ditugu, nolako egoera topatu duten azaltzeko. Horrela landu ditugu Errusia, India eta Txinaren egoera sozioekonomiko eta soziolinguistikoa. Beste kasu batzuetan, kanpoko aditu eta arituak ekarri ditugu bertara, eta ekarpen horiek balio erantsia izan dute guretzat, gaia Europa osoan lantzen ari dela erakutsi baitigute. Gehienak, eta oso baliagarriak, Kataluniatik etorri dira: Tallers per la Llenguaren saioak, kataluniako ekonomiaren hizkuntza beharren analisia jaso zuen elan.cat egitasmoa, Aire Industrial enpresaren kasu eredugarria eta Responsabilitat Globalek ateratako Enpresa eta hizkuntza eskuliburua. Gainera, Bruselako enpresen aniztasun linguistikoaren kudeaketa ezagutzeko aukera izan genuen eta Europako hizkuntza kudeaketa hobetzeko bi ikerketen berri ere bai: LINEE proiektua, Europa Erdialdeko enpresa multinazionaletan hizkuntzak kudeatzeko eta Mapping Best Multilingual Business Practices in the EU izenburuko lana, Europako enpresen negozio aukerak areagotzeko hizkuntza kudeaketa praktika eredugarrien mapa osatzen ari zena.

Eta bostgarren eta azkenekoan, enpresa batek euskara planak kudeatzeko erabil ditzakeen baliabideak: euskaraplanak.net; lidergoa, autozentratzea eta asertibitatea sustatzeko eusLiderrak, Telp eta Eman bostekoa tailerrak; bilerak euskaraz egitea lortzeko emandako pausoak zein hizkuntza irizpideak ezartzeko HKS edo Bideratzaileen metodologiak.

Atarikoan esan bezala, eskerrak eman nahi dizkiegu horiei guztiei, eta gaiarekiko interesa izan dezaketenei gogoratu hitzaldi guztiak ikusgai daudela IMHren webean.

IMH dagokionean IMHren Euskara batzordeak gaiari heldu zioenean bere barne prozesua sendotzea zuen buruan. Batetik, bezeroak aktibatu eta euskarazko demandak gora eginez gero, erakundeak bere burua egokitu beharko zuelako errealitate horretara; eta, bestetik, kanpora begirako konpromiso horrek barrura begirako koherentzia areagotzea ekarriko zuelako. Denborak baieztatu digu, neurri batean behintzat, gure asmoak bete direla. Mintegia abiatu zenetik hona, langileen arteko erabilerak gora egin du, eta Mintegia abiatu aurretik gaztelania hutsean eman izan ditugun hainbat zerbitzuk leku esanguratsua egin diote orain euskarari. Esate baterako, Ingeniaritza Dualaren Eskolak eta Incress aholkularitzak; Asmaola zerbitzu sortu berria nagusiki euskaraz aritzen da, eta, nahi beste izan ez bada ere, aurrerapausoren bat ere eman da Lanbide Heziketa Iraunkorraren arloan.

Aurtengo Mintegiak ildo horiei eutsiko die, eta berrikuntza batzuk izango ditu. Lau atal nagusik osatuko dute. Abiatzeko, mintegiaren erakunde laguntzaileak diren Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek azken egitasmoen berri emango digute. Bigarren atalean, azken 10 urteei eta datozen hurrengo hamarrei emango diegu begiratua Nerea Azurmendi kazetariak gidatuko duen mahai inguruarekin. Bertan izango ditugu Jaurlaritza, enpresak, euskalgintza eta bestelako eragile batzuen ordezkari gisa: Patxi Baztarrika, Jon Mugartegi, Kepa Altube, Fermin Lazkano, Iker Salaberria eta Imanol Esnaola. Hirugarren atalak, segida emango dio azken urteetan landutako gai bati, eta Lanbide Heziketako ikasleen Lantokiko Prestakuntza euskaraz izatea bermatzeko eman diren azken urratsen berri jasoko dugu, hau da: Gipuzkoako enpresei emandako laguntzak eta Lanpres egitasmoa. Aldundia, Laneki eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza arituko dira horretan. Amaitzeko, laugarren atalean, urtero bezala, enpresen praktika onek eta lanerako baliabideek izango dute tartea. 6 saio izango dira: Aldahitz egitasmo arrakastatsuaren esperientzia aurkeztuko digute Arrasateko JMA eta Markina-Xemeingo Fagor Arrasate enpresek; Kokapen geografikoaren erabilerak eta abantailak Gaindegia-Gislanek, Nazioarteko negozioetako ari diren 2 enpresen komunikazioaren azterketa Elhuyar aholkularitzak, Enpresentzako formazioari buruzko Enpresarean Foroa aurkeztuko du Bai Euskarari Ziurtagiriak; Egin salto! hizkuntza portaeran eragiteko interbentzioaz Emun aholkularitzak; eta EuskaraPlus, langile eta lana bilatzen ari diren pertsonen euskarazko komunikazio gaitasunak hobetzeko proiektua Banaiz Bagara elkarteak. Horietaz gain aipatu bestelako sorpresaren bat ere izango dela goizean zehar. Sarrera doan eta librea da, eserlekuak bete arte. Gonbidatuta zaudete.