Erdi mailako ikasleekin balioetan hezten, inklusioan hazten

2026/03/12 17:00:20 GMT+1
IMHko lanbide heziketako berdintasun planaren baitan hausnaketa saio berezia egin dugu dibertsitate eta inklusioaren inguruan, transeksualitatean fokua ipinita, German Urteaga Garmendiaren eskutik.

IMHko lanbide heziketako Berdintasun Planaren baitan, Mekanizazioko eta Mantentze Elektromekanikoko erdi mailako ikasleek Dibertsitatea eta Inklusioa lantzeko saio berezi bat izan dute, German Urteaga Garmendiaren gidaritzapean.

Saioan, transeksualitatearen gaia modu argi eta pedagogikoan landu zen, genero identitateari buruzko oinarrizko kontzeptuak argituz eta gizartean oraindik existitzen diren estereotipo eta aurreiritziei buruz hausnartuz. Ikasleek aukera izan zuten galderak egiteko, zalantzak argitzeko eta errealitate desberdinak ulertzeko ikuspegi zabalago bat garatzeko.

Lanbide heziketako ziklo teknikoetan gaitasun teknikoak funtsezkoak badira ere, ezinbestekoa da balioetan heztea: errespetua, enpatia, inklusioa eta talde-lanean aniztasuna aberastasun gisa ulertzea. Etorkizuneko profesionalek lan-ingurune anitzetan jardungo dute, eta horretarako prestakuntza integrala behar dute, bai arlo teknikoan bai pertsonalean.

Saio honek hausnarketa eta elkarrizketa aberasgarria sustatu zuen, eta gure hezkuntza komunitateak berdintasunaren eta inklusioaren alde duen konpromisoa indartu zuen.

Eskerrik asko parte hartu duten guztiei ekarpenagatik.