Elkarlana eta Inklusioa: Ikasenpresa Esperientzia

2025/11/27 17:25:13 GMT+1
IKASENPRESA proiektuaren testuinguruan, IMHko Lanbide Heziketako ikasenpresako ikasleek eta Elgoibarko Institutuko ZIG gelako ikasleek elkarlan ederra abiatu dute azken asteotan.

IMHko ikasleek euren ikasenpresak sortu dituzte eta, horien barruan, hainbat produktu diseinatu, fabrikatu eta prestatu dituzte: besteak beste, nibela eta giltzatakoa. Horiez gain, ikasleek logo propioak ere diseinatu dituzte, proiektuari nortasun berezia emanez.

Proiektuaren hurrengo fasean, ZIG gelako ikasleek produktuen muntaketa-lanetan lagunduko dute eta enpresen logoekin “pin” batzuk sortuko dituzte. Horrela, lan-esperientzia praktiko eta esanguratsua izateko aukera izango dute.

Aste honetan ZIG gelako ikasleak IMHra bisitan egon dira. Gure ikasleek instalazioak erakutsi dizkiete, baita ikasenpresan egiten ari diren lana ere. Bisita horretan, sortutako produktuak nola muntatu erakusteaz aparte, logo eta pin-ak eman dizkiete proiektuan lanean has daitezen.

Elkarlan hau inklusioko hezkuntza-esperientzia bikaina da, bi ikastetxeen arteko lotura sendotzen duena eta ikasleei benetako lan-prozesu baten esperientzia eskaintzen diena.