Elgoibarko Udalak, Ahize Hizkuntza Aholkularitzak eta IMHk elkarlan hitzarmena adostu dute

2004/02/04 00:00:00 GMT+1
Makina Erremintaren Institutuak 2003 urtean abiatu duen euskararen erabilera plana sustatzeko asmoz, joan den otsailaren 3an hiru erakundeak sinatzeko ekitaldian bildu ziren.

Marivi Aguirregomezcorta Alkateak, Ahizeko Mertxe Mujikak eta IMHko Joxean Egañak parte hartu zuten hitzarmena sinatzeko. Elgoibarko Udala, Ahize hizkuntza-aholkularitza eta IMH elkarlanean arituko dira euskararen erabilera lan-munduan sustatzeko helburuarekin, eta lehenik eta behin, IMHren 3 urtetako erabilera-plana aurrera eramateko. Elkarlana hiru eginkizun nagusitan zehaztuko da: planak eragindako esperientzia eta dokumentazioa herrian zabalduko da; planari jarraipena egingo zaio eta finantziazioa lortzeko elkarlanean arituko dira hiru erakundeak. Euskara hizkuntza aktibo bezala mantentzeko babesa behar duela nabaria da, eta hezkuntzan beharrezkoa bada, lan-munduan beharra areagotu egiten da. Ikasleen euskara profila kontuan izanik, eskualdeko 14-16 urteko neska-mutilek B/D ereduan ikasi dute gehienbat. Etorkizun hurbilean, euskaraz ikasten jarraitzeko aukera irekita izan behar dute, eta ondoren, euskaraz lan egitekoa ere.

IMHk industria munduari begira harreman estua dauka enpresekin; 13 urteetan zehar, 1.000 ikasle inguru lan-munduratu ditu eta 25.000 langilek ikastaroak egin dituzte ikastetxeko instalazioetan. Hainbat proiektu eta zerbitzu ere garatzen dira enpresa eta erakundeekin. IMHk badu, beraz, eragina lanean eta gizartean: euskara planean abiatzeak berarekin harremana daukaten beste pertsona eta erakundeetan ere eragina ekar dezake, eredu izanez.

Bestalde, IMHk, aurrera begira jarduten duten beste enpresek bezala, balore etikoei erreparatzeko ildoa darrai, eta bereziki, pertsonari eta horren garapenari, hau da, begirunea bezeroari, langileen osasunari eta eskubideei, emakumearen lan-munduratzeari, ingurumenari, eta baita enpresaren eta herriaren egoera soziolinguistikoari.

IMHk gizartearekiko konpromisoa du hartua, baita euskarari dagokionean ere: Gurean Bai egitasmoan 8 urtetan aritu da, azken 3 urteetan, Heziketa Zikloetan D eredua ezarri izan du, langileen %68ak euskaldunak dira.

Plan honetan abiatzea ez da bakarkako gauza, ordea. Horretarako, IMHk harremana daukan erakundeekin sare-lanetan aritzen saiatuko da. Ezinbestekoa da Udalarekin lortutako akordioa eta baita Elgoibarko Izarrarekin ere elkarlanetan aritzea. Eskualdetik at, eskura datozkion eremuetan ere parte hartzeko aukerak aprobetxatuko ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskararen inguruan bultzatzen dituen programetan parte hartuz eta 2003ko urte bukaeran eratzen hasita dagoen Ezagutzaren Clusterrak bultzatutako foroan.

Plan honen arlo teknikoa garatzeko Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak egindako proposamena egokia iruditu zaiolako aukeratu du IMHk enpresa hori elkarlanean jarduteko.