Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrenaren itxiera ekitaldia

2025/09/11 16:46:00 GMT+2
Irailaren 18an egingo da ekitaldia Herriko Antzokian, Elgoibarko lanbide heziketako ikasle, irakasle eta langile jubilatuekin batera.

1899ko irailaren 18an jaso zen Elgoibarko lehen Marrazketa Akademiaren sorrerako akta Elgoibarko Udaletxean, artisautza-industriako langileen prestakuntza hobetzeko, herritarrek hala eskatuta. 125 urtetan zehar, Elgoibarko lanbide heziketa hezkuntza sistema berritua bihurtu da, industria modernoaren beharretara egokitua eta unibertsitatera zabaldua, 2+3 eskaintza berriarekin.

Data hori erreferentziatzat hartuta, 2024ko irailaren 18an, irekiera ekitaldiaren ospakizunei ekin genien, eta 2025eko irailaren 18an, itxiera emango diogu urte akademiko bereziari.

Elgoibarko Filatelia erakusketa, BIEMH Fabrikazio Aurreratuaren Nazioarteko Azokaren aitortza, Elgoibarko festen txupinazoa, Urteurreneko hasiera ekitaldi ofiziala, lanbide heziketako jatorri-historiari buruzko kafe-tertulia, IMH eta Mekako ikasleekin ospatutako Don Bosko Eguna, IMH eta Mekako ikasle ohientzat eta enpresentzat egindako ate irekiak, Udalak etorkizuneko estrategiari buruz antolatutako work-cafe-a, 125. urteurrenari buruz IMH Campusen egin zen UIK-EHU udako ikastaroa eta irailaren 18an egingo dugun itxiera ekitaldia izan dira 2024-2025 ikasturtean zehar antolatutako ekintza nagusiak.

2025eko irailaren 18an hitzordua 12:00etan izango da Elgoibarko Herriko Antzokian. Bertan izango da Elgoibarko Alkatea, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordea, Meka eta IMH lanbide heziketako ikastetxe integratuetako zuzendariekin batera.

Ohar honen bidez Elgoibarko lanbide heziketako ikasle, irakasle eta langile jubilatuak ekitaldira etortzera gonbidatu nahi ditugu. Egitaraua ondorengoa izango da:

11:30-12:00 bitartean Herriko Antzokiko sarreran photocall-a gonbidatu guztiekin. 12:00etatik aurrera IMH eta Meka LHIIko zuzendarien ongietorria, 125. urteurreneko bideo oroigarria, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordearen hitzaldia, Elgoibarko lanbide heziketako komunitateari aitortzak, alkatearen agurra eta talde argazkia.

125. urteurreneko batzordeak eskerrak eman nahi dizkie Elgoibarko Udalari, urteurrena babestu duten enpresei (DanobatGroup, BESA, Geminis Lathes babesleak, eta Berkoa, Mancisidor, Ger, AVS, Nordplastic, Telleria, Laboral Kutxa laguntzaileak), Makina Erremintaren Museoari, Elgoibarko makina erremintaren historia zaleei, eta Elgoibarko lanbide heziketa osatzen duten pertsona, ikastetxe, enpresa eta erakunde guztiei.
Lanbide Heziketaren, enpresaren eta erakundeen ahalegin eta dedikazio bateratua izan da eta izango da gure gizartearen funtsezko motorra, teknologiaren eta berrikuntzaren aitzindari izaera nabarmentzen ahalbidetuko gaituena.

 

Elgoibarko lanbide heziketa, aitzindari eta erreferente

Elgoibarko Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleen eta zuzendaritza-taldeen dedikazio handiak fruituak eman ditu Elgoibarko Udalaren, Lanbide Heziketaren jardueran inplikatutako enpresen eta lurralde eta autonomia mailako erakunde publikoen laguntzarekin.

Elgoibarko Lanbide Heziketak aitzindari eta erreferente izatea lortu du hezkuntza-berrikuntzaren funtsezko alderdietan, hala nola, erronketan edo proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboetan (Ethazi), prestakuntza dualean eta Lanbide Heziketak industriarako berrikuntza aplikatuko inguruneetan ekarri duen eraldaketan.

Tokiko eta autonomia-erkidegoko erakundeek jakin izan dute Elgoibarko Lanbide Heziketak sortutako onurak aitortzen eta sustatzen, eta berrikuntza horiek Lanbide Heziketako euskal sare osora zabaltzen.

Bestalde, enpresak, industria-elkarteak eta enpresa-elkarteak indartu egin dira, eta indartzen jarraitzen dute, Lanbide Heziketak emandako talentuari esker.