Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrena: Hasiera ekitaldia

2024/09/12 19:32:00 GMT+2
Irailaren 18an beteko dira 125 urte Elgoibarko lehen Marrazketa Akademia sortu zela, gure lanbide heziketaren hastapena.

1899ko irailaren 18an Udalak jasotako aktan ageri da Elgoibarko lehen Marrazketa Akademiaren sorrera. Horregatik egun bera aukeratu da urteurrenari hasiera emateko, ekitaldi ofizial baten bidez.

Ekitaldian erakunde, enpresa eta ikastetxeen ordezkaritza batek parte hartuko du (ikusi egitaraua amaieran) eta aitortza egingo zaio Elgoibarko Lanbide Heziketari, baita ere urte hauetan guztietan prestakuntza horrek gure gizarte-, industria- eta enpresa-ekosistemaren elementu eraldatzaile gisa duen garrantzia ulertu zuten pertsona eta erakundeei.

Hasiera ekitaldiaz gain, 2024-2025 ikasturtean programa bat garatuko da, Elgoibarko Lanbide Heziketaren jatorria eta historia, gaurkotasuna eta etorkizuna ardatz dituena.

Gure herriko Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleen eta zuzendaritza-taldeen dedikazio handiak fruituak eman ditu Elgoibarko Udalaren, Lanbide Heziketaren jardueran inplikatutako enpresen eta lurralde eta autonomia mailako erakunde publikoen laguntzarekin, eta aitzindari eta erreferente izatea lortu du hezkuntza-berrikuntzaren funtsezko alderdietan, hala nola, erronketan edo proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboetan (Ethazi), prestakuntza dualean eta Lanbide Heziketak industriarako berrikuntza aplikatuko inguruneetan ekarri duen eraldaketan.

Tokiko eta autonomia-erkidegoko erakundeek jakin izan dute Elgoibarko Lanbide Heziketak sortutako onurak aitortzen eta sustatzen, eta berrikuntza horiek Lanbide Heziketako euskal sare osora zabaltzen.

Bestalde, enpresak, industria-elkarteak eta enpresa-elkarteak indartu egin dira, eta indartzen jarraitzen dute, Lanbide Heziketak emandako talentuari esker.

Eskerrak ematen dizkiogu Udalari irekiera ekitaldiaren ekimena bere egiteagatik eta baita ere urte hauetan guztietan gurekin izan diren pertsona, zentro, enpresa eta erakunde guztiei. Ahalegin eta dedikazio bateratua izan da eta izango da gure gizartearen funtsezko motorra, teknologiaren eta berrikuntzaren abangoardian.

HASIERA EKITALDIA

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrena

Asteazkena, 2024ko irailaren 18a

12:00-13:00 (Udaletxea eta Aita Agirre).

12:00. Udala. Alkateak eta udalbatzak ongietorria egingo diete erakunde, ikastetxe eta enpresetako ordezkariei. Elgoibarko Lanbide Heziketa “berreratzeko” akta, 1899ko irailaren 18an jasoa, irakurriko da, Elgoibarko lehen Marrazketa Akademiaren sorrerako akta gogorarazteko.

Ondoren, udalbatza eta bertaratutakoak Aita Agirre kulturgunera joango dira, Marrazketa Akademiaren lehenengo egoitzara, eta bertan, Elgoibarko Lanbide Heziketaren ordezkari historikoekin, egungoekin eta gainerako gonbidatuekin bilduko dira.

Elgoibarko Lanbide Heziketako ordezkaritzaren hitzaldi instituzionalak eta omenaldi-ekitaldia, Elgoibarko lehen marrazketa-akademia, Lanbide Heziketako lehenengo eskola, sortu zuten zuzendari ohien familien eta Lanbide Heziketako irakasleen eskutik.

Ekitaldiari amaiera emateko, mokadutxoa egingo dute Aita Agirre kulturgunean.

 

Informazio guztia: www.elgoibar.eus