Danimarkara mugikortasuna: ekonomia zirkularra, berrikuntza eta jasangarritasun aztergai
Hondakinetatik baliabideetara: Danimarkako industria-sinbiosia gertutik
Nola bihur daiteke enpresa baten hondakina beste baten lehengai? Eta ekoizpen-prozesu batean sortutako soberako beroa beste industria baten baliabide?
IMH lanbide heziketako irakasle talde batek galdera horien erantzuna bertatik bertara ezagutu du Danimarkan egindako Erasmus+ mugikortasunean. Bisitaren ardatz nagusia Kalundborg Symbiosis izan da, industria-sinbiosiaren eta ekonomia zirkularraren arloko nazioarteko erreferentea.
Kalundborgeko ereduan, inguruko enpresa publiko eta pribatuek elkarlanean jarduten dute, enpresa baten soberakinak beste baten baliabide bihurtzeko.
Ekoizpen-prozesuetan sortutako hondakinak, energia, ura, lurruna eta beroa partekatzen dituzte, baliabide gutxiago kontsumitzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko.
Irakasleek adibide praktikoak ezagutu dituzte: hondakinak beste enpresa batzuentzako material bihurtzen dira, eta prozesu industrialetan sortutako beroa eta ur kondentsatua beste instalazio batzuetako hozte-sistemetan aprobetxatzen dira.
Horrela, jasangarritasuna ingurumen-konpromisotik harago doa eta enpresen arteko lankidetzan, baliabideen optimizazioan eta lehiakortasunean oinarritutako eredu bihurtzen da.
Mugikortasunaren barruan, NEG (Network of Environmental Education and Green Transition) sareko lanbide-heziketako ikastetxea ere bisitatu dute.
Bertako hezkuntza-eredua eta jasangarritasuna prestakuntza teknikoan txertatzeko modua ezagutzeaz gain, IMHko Mekatronikako ikasleekin etorkizunean trukeak edo proiektu bateratuak garatzeko aukerak aztertzen hasi dira.
Taldeak Roskilde Technical VET College lanbide-heziketako ikastetxea ere ezagutu du. Erasmus+ programan aktiboa eta fabrikazioan eskarmentu handikoa izanik, bisitak nazioarteko mugikortasunen eta proiektu teknikoen inguruko lankidetza-bide berriak identifikatzeko balio izan du.
Danimarkako esperientziak erakutsi digu ekonomia zirkularra ez dela soilik hondakin gutxiago sortzea, baizik eta enpresen, ikastetxeen eta pertsonen arteko harremanak beste modu batera antolatzea.
Hurrengo urratsa ezagutza hori IMHko prestakuntza eta etorkizuneko nazioarteko proiektuetara ekartzea izango da.